Martxa hartuta, aurrera doa 2024ko Arabako Bertsolari Txapelketa. XVI. edizioa da aurtengoa, eta berrogei urte betetzen dira Arabako lehen txapelketa jokatu zela. Azken edizioetan irudikatutako ibilbideari jarraiki, Arabako bertsolaritzaren gailurrak irudikatzen dituen paisaia prest, hemezortzi bertsolarirekin jokatu da txapelketako lehen fasea.
Final laurdenen hirugarren saioa Aiaraldean jokatu da asteburu honetan, igandean, otsailaren 11n, Laudioko Kasinoan. Iñaki Viñaspre (Abetxuku, Gasteiz), Izar Mendiguren (Laudio), Felipe Zelaieta (Mallabia/Gasteiz), Martin Abarrategi (Aramaio), Asier Otamendi (Urretxu/Gasteiz) eta Unai Anda (Ametzaga, Zuia) aritu dira jokoan oraingoan. Lehen fase honetan hamahiruna bertso puntuagarri kantatu dituzte bertsolariek.
Ariketa guztiak egin ondoren, Iñaki Viñasprek lortu du puntu gehien (263 puntu), finalerdietarako pase zuzena irabazita. Puntuazioak ondorengoak izan ziren:
- Iñaki Viñaspre: 263 puntu
- Asier Otamendi: 251,5 puntu
- Unai Anda: 251 puntu
- Izar Mendiguren: 241,5 puntu
- Martin Abarrategi: 233,5 puntu
- Felipe Zelaieta: 214,5 puntu
Hamahiru lagunez osatutako gai-jartzaile taldetik, Oier Azkarraga Grajales izan da Laudioko aurkezlea. Lehen faseko final laurdenetako epaimahaia Ekaitz Elorriaga Anduaga, Aitor Jimenez Tolosana eta Egoitz Iradier Martinez de Albenizek osatu dute; Endika Jimenez Enbeita, berriz, idazkari lanetan aritu da.
Hiru final laurdenetako puntuazioaren hurrenkeran osatuko dira finalerdiak, eta honako hauek izan dira sailkatutako hamabi bertsolariak:
- Peru Abarrategi
- Aroa Arrizubieta
- Iñaki Viñaspre
- Ekaitz Samaniego
- Eli Zaldua
- Manex Agirre
- Unai Anda
- Aitor Ugarte
- Asier Otamendi
- Izar Mendiguren
- Paula Amilburu
- Xabi Igoa
Asteburu bateko atsedena hartuta, hurrengo saioa otsailaren 24an izango da, larunbatean, Aramaioko Kultur Etxean, 17:30etik aurrera: Ekaitz Samaniego, Eli Zaldua, Iñaki Viñaspre, Manex Agirre, Peru Abarrategi eta Unai Anda lehiatuko dira lehenengo finalerdian. Eta hurrengoa martxoaren 2an izango da, 17:30etik aurrera Dulantziko Kultur Etxean: Aitor Ugarte, Aroa Arrizubieta, Asier Otamendi, Izar Mendiguren, Paula Amilburu eta Xabi Igoa arituko dira bigarren finalerdian.
Informazio eta argazki gehiago Arabako Bertsozale Elkartearen webgunean.
ARABAKO XVI. BERTSOLARI TXAPELKETA
Urtarriletik martxora arte luzatuko da aurtengo txapelketa. Lehen saioa urtarrilaren 28an izan zen, eta txapelketa borobiltzeko finala martxoaren 16an izango da Gasteizko Principal Antzokian. Ordura arte, hiru final laurden eta bi finalerdi jokatuko dira; hau da, guztira sei saio izango dira:
- Final laurdenak:
- Urtarrilak 28, igandea: Izarra (jokatuta)
- Otsailak 4, igandea: Oion (jokatuta)
- Otsailak 11, igandea: Laudio (jokatuta)
- Finalerdiak:
- Otsailak 24, larunbata: Aramaio
- Martxoak 2, larunbata: Dulantzi
- Finala: martxoaren 16an, larunbatean, Gasteizko Principal Antzokian
Guztira, Arabako hemezortzi bertsolari abiatu dira txapelketaren XVI. edizio honen lehenengo fasean, final laurdenetan: alde batetik, 2022ko txapelketaren finalean kantatu eta izena eman duten bost finalistak; bestetik, 2023ko udazkenean jokatutako kanporaketetan puntuazioaren arabera sailkatutako lehenengo hamahiruak.
Martxoaren 16ra artekoa izango da bidea. Helmugan ere bada berrikuntza: Principal antzokira itzuliko da finala. Finalerdietara hamabi bertsolari igaroko dira, eta, ohi bezala, sei bertsolari iritsiko dira finalera. Bertsolari bakoitzak behin baino ez du kantatuko fase bakoitzean.
Hamahiru gai-egile eta emailek eta bederatzi epailek osatzen dute aurtengo lantaldea, antolakuntzako inurri lanean arituko direnak ahaztu gabe.