2024ko Arabako Bertsolari Txapelketa

Aroa Arrizubietak irabazi du finalerdietarako bigarren txartela

Giro ederrean jokatu da 2024ko Arabako Bertsolari Txapelketako bigarren final laurdena, Oiongo zineman. Aroa Arrizubieta izan da puntu gehien lortu dituen bertsolaria, eta, beraz, Dulantziko finalaurrekora zuzenean pasako da.

Iritsi da 2024ko Arabako Bertsolari Txapelketa. XVI. edizioa da aurtengoa, eta berrogei urte betetzen dira Arabako lehen txapelketa jokatu zela. Azken edizioetan irudikatu genuen ibilbideari jarraiki, Arabako bertsolaritzaren gailurrak irudikatzen dituen paisaia prest, hemezortzi bertsolarirekin jokatuko da txapelketako lehen fasea.

Final laurdenen bigarren saioa Oionen jokatu da asteburu honetan, igandean, otsailaren 4an, Oiongo zinema aretoan. Maddi Agirre Epelde (Gasteiz), Xabi Igoa Eriz (Aramaio), Rikardo Gonzalez de Durana Alzola (Oreitia), Aroa Arrizubieta Barredo (Gasteiz), Orlando Arreitunandia Arinas (Urretxu-Bastida) eta Manex Agirre Arriolabengoa (Aramaio) aritu dira jokoan oraingoan. Lehen fase honetan hamahiruna bertso puntuagarri kantatu dituzte bertsolariek.

Ariketa guztiak egin ondoren, Aroa Arrizubietak lortu du puntu gehien (261,5 puntu), finalerdietarako pase zuzena irabazita. Hiru final laurdenetako puntuazioaren hurrenkeran osatuko dira finalerdiak. Puntuazioak ondorengoak izan ziren:

  • Aroa Arrizubieta: 261,5 puntu
  • Xabi Igoa: 259,5 puntu
  • Manex Agirre: 259,5 puntu
  • Maddi Agirre: 241,5 puntu
  • Rikardo Gonzalez de Durana: 234,5 puntu
  • Orlando Arreitunandia: 226 puntu

Hamahiru lagunez osatutako gai-jartzaile taldetik, Eli Plazaola izan da Oiongo aurkezlea. Lehen faseko final laurdenetako epaimahaia Ekaitz Elorriaga Anduaga, Aitor Jimenez Tolosana eta Egoitz Iradier Martinez de Albenizek osatuko dute; Endika Jimenez Enbeita, berriz, idazkari lanetan arituko da.

Hurrengo saioa datorren igandean, otsailaren 11n, izango da, Laudion, Kasinoan, 17:30etik aurrera.

Informazio eta argazki gehiago Arabako Bertsozale Elkartearen webgunean.

ARABAKO XVI. BERTSOLARI TXAPELKETA

Urtarriletik martxora arte luzatuko da aurtengo txapelketa. Lehen saioa urtarrilaren 28an izan zen, eta txapelketa borobiltzeko finala martxoaren 16an izango da Gasteizko Principal Antzokian. Ordura arte, hiru final laurden eta bi finalerdi jokatuko dira; hau da, guztira sei saio izango dira:

  • Final laurdenak:
    • Urtarrilak 28, igandea: Izarra (jokatuta)
    • Otsailak 4, igandea: Oion (jokatuta)
    • Otsailak 11, igandea: Laudio

  • Finalerdiak:
    • Otsailak 24, larunbata: Aramaio
    • Martxoak 2, larunbata: Dulantzi

  • Finala: martxoaren 16an, larunbatean, Gasteizko Principal Antzokian

Guztira, Arabako hemezortzi bertsolari abiatu dira txapelketaren XVI. edizio honen lehenengo fasean, final laurdenetan: alde batetik, 2022ko txapelketaren finalean kantatu eta izena eman duten bost finalistak; bestetik, 2023ko udazkenean jokatutako kanporaketetan puntuazioaren arabera sailkatutako lehenengo hamahiruak.

Martxoaren 16ra artekoa izango da bidea. Helmugan ere bada berrikuntza: Principal antzokira itzuliko da finala. Finalerdietara hamabi bertsolari igaroko dira, eta, ohi bezala, sei bertsolari iritsiko dira finalera. Bertsolari bakoitzak behin baino ez du kantatuko fase bakoitzean.

Hamahiru gai-egile eta emailek eta bederatzi epailek osatzen dute aurtengo lantaldea, antolakuntzako inurri lanean arituko direnak ahaztu gabe.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago