Iritzia

Euskara ikasten elkarrekin

Erabiltzailearen aurpegia Asun Martinez

Mintzalagun taldea, Jimmy Jazzen. MINTZALAGUNA

"Ez da soilik euskaraz hitz egiteko leku bat: jendea ezagutu, momentu politak bizi..."

Joan den urteko otsailean hasi nintzen euskaltegi batean euskara ikasten. Ordura arte B2 maila osoa egina nuen, baina, egia esan, oraindik ez nuen ez B1eko ez B2ko titulurik. Urte bereko urrian, gainera, GEU elkartearen bidez, Mintzalagun talde batean parte hartzen hasi nintzen. Taldekoekin hitz egiteak eta euskaraz aritzeko aukera izateak konfiantza handia eman zidan, eta haiekin animatu nintzen B1eko azterketara aurkeztera. Eta gainditu egin nuen!

2026ko otsailean euskaltegian jarraitu nuen, eta Mintzalaguneko kideekin euskaraz hitz egiten jarraitzeak B2ra aurkeztera animatu ninduen. Azkenean, bi punturengatik ez nuen gainditu. Pena izan zen, baina ez dut amore emango: abenduan berriro aurkeztu nahi dut, deialdia ateratzen denean, eta badakit taldekoen laguntza oso garrantzitsua izango dela.

Gure taldean maila desberdinetako jendea gaude. Bat euskaldun zaharra da, beste gehienek C1 maila dute, beste kide bat C1 ikasten hasi berria da, eta ni B2aren bila nabil. Hala ere, ostiralero elkartzen gara ahal dugunean. Nik txandaka egiten dut lan eta ezin naiz beti joan, baina joaten naizenean, ostiralero joango banintz bezala sentitzen naiz.

"Euskaraz aurrera egiten jarraitu nahi duen edonor Mintzalaguna probatzera animatuko nuke"

Gainera, oso talde ona egin dugu. Elkarrekin Arabako herrietako lekuak identifikatzeko argazki lehiaketa batean parte hartu genuen, Araban da, bai, baina... eta Mintzalaguna elkartean lehenengo sailkatu ginen. Ondoren, txapelketan hirugarren geratu ginen eta gazta bat eta bost ardo-botila irabazi genituen.

Duela bi igande Abetxukun elkartu ginen berriro ospatzeko. Gazta, ardoa, tortilla, quichea eta enpanada eraman genituen, eta egun ederra pasa genuen, nola ez, euskaraz!

Horregatik, euskaraz aurrera egiten jarraitu nahi duen edonor Mintzalaguna probatzera animatuko nuke. Ez da soilik euskaraz hitz egiteko leku bat: jendea ezagutzeko, barre egiteko, momentu politak partekatzeko eta, konturatu gabe, euskaraz gero eta gehiago bizitzeko aukera ere bada. Azkenean, hizkuntza bat ikasteko modurik onena erabiltzea da, eta erabiltzeko, berriz, horrelako talde bat edukitzea baino gauza hoberik ez dago. Gu behintzat, ostiralero elkartzeko gogoz geratzen gara! 

Asun Martinez, mintzalaguna.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago