Hezkuntza Sailak bederatzi eskola publiko ixtea erabaki du: Bilbon, Basaurin, Getxon, Leioan eta hemen Gasteizen, 18 ikastetxe publiko hartu eta, bateratzearen edo integrazioaren ondorioz, bederatzi bakarrik geldituko dira. Berriro ere, sare publikoaren kontrako neurria.
Neurri hau ez da adostua izan, egingo diren ikastetxeen fusioak inposatuak dira: Hezkuntza Sailak erabakia hartuta zuen eta ez die eskola komunitateei aukerarik eman, ez da ireki prozesu parte hartzailerik, eta ez dira erraztasunak eman ez eta laguntza eta aparteko diru-partida nahikorik ere, bi ikastetxeetatik bat egiteko. Jaiotza tasaren beherakada irakaskuntza kalitatezkoagoa bultzatzeko baliatu beharrean, sare publikoak plazak eta lanpostuak galduko ditu.
Eta eskola publikoak ixten diren bitartean, irakaskuntza pribatuari 920 miloi euro eman zaizkio ikasturte honetan, historia osoan izan duten finantziazio publikorik handiena. Zertarako eta sare publikoarekin lehia egiten jarraitzeko. Ondorioa garbia da: sare publikoan dirua aurreztu, sare kontzertatuari emateko. Nola justifikatu daiteke Gasteizko NClic ikastetxe pribatu eta doktrinatzaileari 2,5 milioi euro ematea beharrezkoa ez den eraikuntza berria (kapera bat barne) egiteko?
Eta zergatik ez itxi edo fusionatu ikastetxe kontzertatuak? Ez dagoelako Sailaren esku, pribatuak dira, fusioak ezin dira gauzatu ikastetxe horiek aurretik publifikatzen ez badira. Baina bere esku dago diru publikoa nola banatu, eta logikoena litzateke eskaintza pribatua mugatzea, eta ez eskola publikoak ixtea; logikoena litzateke dirua aurreztea, kontzertazioa murriztuz, eskola publikoa hobetzeko. Ez du zentzurik pribatuaren kontzertazioarekin jarraitzea eskola publikoaren eskaintza nahikoa denean.
Ikastetxe publikoen fusioek ez dute, gainera, eraginik izango segregazioan, segregazioa sareen artean gertatzen delako, kontzertatuaren eta publikoaren artean, alegia. Fusioekin hezkuntza sareen arteko desoreka ez da ukituko.
Hezkuntza Sailaren hezkuntza politika irakaskuntza kontzertatuaren mesedean egina da, ez du sare publikoa errespetatzen, are gutxiago lehenesten. Segregazioaren aurkako mahaia horren adibide garbia da. Mahai horretatik alde egin dute hezkuntza publikoko ordezkari gehienek.
Harrigarria da gogoratu behar izatea Hezkuntza Sailari Eskola Publikoa bere eskola dela, zaindu behar duena, ardatz eta eredu bihurtuz. Guk, gure aldetik, denona den eskola aldarrikatu, defendatu eta sustatzen jarraituko dugu.
Euskal Eskola Publikoaz Harro plataforma
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.