Ekainaren 4an Uxua Garcia Antoñana Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolako zuzendari berriaren aurkezpen-ekitaldian izan nintzen, ikasle gisa. Ana del Val Sancho andrea ere bertaratu zen, Kultura eta Kiroletako Foru Diputatua eta eskolaren patronatuko lehendakaria ere badena.
Ezaguna da patronatuak eskolako zuzendaritza kanpora esleitzeko hartutako erabakiak sortu duen gaitzespena. Ekitaldia amaituta, diputatu andrearengana jo nuen nire kezka adierazteko; izan ere, eskolako zuzendari lanposturako eskakizunen artean "Euskararen ezagutza" (sic) ezinbestekotzat jotzen da, baina gaitasun-mailarik zehaztu gabe. Harrigarria, hori baita pertsona batek hizkuntza jakin batean modu egoki eta eraginkorrean moldatzeko duen gaitasuna ziurtatzeko bide "objektibo" bakarra.
Zentzugabekeria da, –baliteke legez kanpokoa ere izatea–, ez direlako bermatzen kargurako beharrezkoak diren gaitasunak. Eta horrelaxe gertatu da: zuzendari berriak ez daki euskaraz. Bitxia bada ere, lanposturako ezinbestekoak diren beste bi eskakizunetan argi zehazten da zer maila behar den. Hortaz, euskarari dagokionez, bete beharreko baldintza bat dagoela esatea gezur hutsa da. Ulergaitza da azken urteotako kontratazioetan Eskolako irakasleei B2 maila eskatzea eta, zuzendari lanpostuak gutxieneko hori ere ez izatea.
"Kezkagarria da pentsatzea patronatuak prebarikatu ahal izan duela, hautagai jakin batzuen alde"
Nire galderari erantzunez, diputatu andreak adierazi zuen hautaketa prozesuan kudeatzaile profilari eman zaiola lehentasuna. Beraz, bere ustez, bi gaitasun horiek bateraezinak dira: pertsona batek ez dauka kudeatzaile ona izaterik euskalduna bada. Bi baldintza horiek bateragarriak direla erantzun nioenean, Diputatuak bere hitzetan "jendaurrean inoiz adierazi ez duen"zerbait gehitu zidan: euskara gaitasun mailarik ez eskatzeko arrazoia izan dela Arte Eskolako irakasleei lanpostura aurkezteko aukera emateko, badirudi eta hainbat irakaslek ez duela euskarazko hizkuntza-eskakizunik. Egia da, baina euskaraz gain, klaustrokide guztiek ez dituzte beste bi baldintzak ere betetzen eta patronatuari ez zaio bururatu eskakizun horiek irakasleen profilari egokitzea.
Gauzak horrela, kezkagarria da pentsatzea patronatuak prebarikatu ahal izan duela, hautagai jakin batzuen alde, berdin eskolako irakasleak izan ala ez; horrekin batera, herritar guztion hizkuntza- eta kultura-eskubideak urratzen direlarik.
Tamalgarria da. Gasteizek eta Arte eta Lanbide Eskolak ez dute merezi halako arduragabekeria politikoaz jokatzea. Noren mesedetan?
Maribi Urkola.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.