Iritzia

Legutioko saihesbidea: bide luze baten lehenengo urratsa

Erabiltzailearen aurpegia Jokin Cifuentes eta Bernat de Diago 2024ko ots. 29a, 07:15

Saihesbidearen kontrako protesta, Legutioko plazan. Argazkia: ALEA

"Saihesbideak, zirkulazio arazoa konpontzetik urrun, buruhauste berriak ekarriko ditu, proiektua aterabiderik gabeko 'arazo-erreforma-inposizio' ziklo amaigabe batean murgilduz"

Pasa den otsailaren 11n izan zen Mugikortasun Iraunkorreko eta Bide Azpiegituretako foru diputatua eta departamentuko teknikari eta zuzendarien agerraldia. Bilera hori, proiektua aurkezteko eta horren inguruko zalantzak argitzeko espazioa izatetik urrun, proiektua inposatzeko bilera izan zen. Bertan bi gauza geratu ziren argi: Legutioko herriak ez duela zer esanik proiektu honetan, eta egin dezakegun gauza bakarra inposaturikoa onartzea dela.

Asko izan ziren bilerara bertaratutakoak: Batzarretako politikari eta komertziala, teknikariak, zuzendariak, udaleko moderatzailea… Bilera horren xedea gu entzutea eta proiektua birformulatzea zela eman ziguten aditzera, obrak jada hasita zeuden arren. Horretarako, ondo koreografiatutako zirku bat, hiru ekitalditan banatuta: politikari profesionala proiektua salduz; teknikaria eta departamentuburua haien formalismo eta burokrazia guztiaz, argi utziz ez zegoela birformulaziorik ezta aldaketa posiblerik ere; eta azkenik, herritarrek partehartzeko momentua, gardentasun eta hurbiltasun itxura bat eman nahian.

Bilera osteko iritziak hiru ardatz nagusitan banatuko ditugu: erakunde publikoak, herritarren parte hartze eza eta proiektua bera. Hala ere, ez gara itzulinguruka ibiliko, utz ditzagun kontu horiek burokratentzat.

Lehen ideia nagusia: burokrazia eta erakundeen arteko eztabaidak, alderdi bati edo besteari erantzuten diotenak. Lizitazioetarako prozedura eta kronologiari buruzko azalpen teoriko ugari eman zizkiguten, proiektua alderdi eta erakundeen arteko borrokara mugatuz, herri kontsultarik eta benetako partaidetzarako aukerarik eman gabe. Bestalde, erakundea ordenaren bermatzaile gisa aurkeztu zen, baina gaitzespen eta nagusitasun moral batekin, alegazioak aurkezteko unea igaro zela adieraziz.

Laburbilduz, Batzar Nagusiek guretzat ona edo txarra dena erabaki eta hori inposatzen dute. Horrek agerian uzten du erabaki politikoak hartzeko prozesuetatik kanpo gelditzen garela beste behin, gure jarduna eta parte hartzea hauteskundemasa huts batera mugatuz.

"Batzar Nagusiek guretzat ona edo txarra dena erabaki, eta hori inposatzen dute"

Eta hauteskunde-jokotik bigarren ideia nagusira: herritarren parte hartzea, eslogan hutsera murriztuta eta ikusle soil bat izatera kondenatua. Politikari profesional batek prozedura, araudi eta zifra ezezagunak erakutsi zizkigun, berak ordezkatzen duen erakunde publikoak hartutako erabakiak inposatu eta justifikatzeko. Baina ez gaitzatela engainatu, nahiz eta aitzakiak arazo tekniko gisa aurkeztu, erabakiak beti dira politikoak.

Amaitzeko, kokatu dezagun guzti hau lurraldean, errepidesaihesbidearen proiektua Legutioko azpiegituren epe luzerako proiektu estrategiko baten lehen fase bezala ulertuta. Proiektu bat inposatu digute, saihesbidea, gaur egun Legution gatazka gisa gorpuzten dena.

Proiektu honen ondorioak aitzakia ezin hobea dira proiektu estrategiko orokorraren hurrengo fasea bultzatzeko, zeina aurreko faseko planifikazio txarrak sortutako arazoen konponbide gisa aurkeztuko den. Honen adibide da ikastolako irteerak sortu dituen gorabeherak. Beste era batera esanda, saihesbideak, zirkulazio arazoa konpontzetik urrun, buruhauste berriak ekarriko ditu, proiektua aterabiderik gabeko arazo-erreformainposizio ziklo amaigabe batean murgilduz.

Honen xedea? Helburu konkretu bat duten beharrak sortzea, irtenbide alternatiboak bilatzera daramaten gatazkak eragitea eta esparru politikoan eta ekonomikoan dauden aukerak aztertzea da, betiere erakunde publikoa bera konponbide eta arazoa izanik. Bitartean, herritarrek urte luzez egindako eskaerak, hala nola, ikastolaren irteera edota herria zeharkatzen duen errepidea, bigarren plano batera pasatzen dira (proiektuaren beste fase batzuei lotuta eta soilik proiektu estrategiko orokorraren etapa desberdinetara egokitzen direnean kontuan hartuz). Horrek, beste behin, erabaki hartzeetatik baztertzen gaitu, erakunde publikoek gure ordez erabakiak hartzen dituztelarik.

Baina zer dakar benetan plan estrategiko honek? Logika horri guztiari eusten dion proiektua da, Legutioko bizi-baldintzak definitu eta erregulatuko dituen ekimena. Proiektu hauek garapen estrategikoaren oinarria dira, bai publikoak, baita oraindik azaltzeke daudenak ere. Adibideak: Motxotegiko parke eolikoa, 2023an Plauri Energy SL enpresak izapidetua; proiekturik gabeko saihesbide ofiziala, La Calva eremuan; OTUA enpresaren hondakinak birziklatzeko instalazioaren handitzea, Tapia Legeak eskaintzen dizkion ingurumen balditzengatik eta aurreko legealdietan Legutioko udalbatzak araututako mugengatik babestua, etab. Bestelako adibideak ere badaude, esaterako, orain dela urte batzuk Elosu-Ollerietako saihesbidearen inposaketa edota Aramaion parke eoliko bat eraikitzeko borroka.

Amaitzeko, galtzaileen eta agintzen dutenen arteko dinamika nabarmendu behar dugu; gure eta haien artekoa:

Guk ez dugu hauteskundepromesetan sinisten, haien proposamenetatik baztertuak gara eta ondorioak jasaten ditugu, erakunde publikoetan ez dugu parte hartzen, eta horien kudeaketa egoki edo eskasean ez dugu sinisten. Proiektu bat hasi aurretik ondorioak jasango dituztenei galdetu behar zaiela uste dugu, eta, bulegoetan hartutako erabakien ordez, kaleko kultura politikoaren alde egin behar dela defendatzen dugu. Haien inposaketak jasan behar ditugunok eta haien erara diseinatu duten herrian bizi beharko garenok. Gu, hauteskundeak iristen direnean bakarrik kontuan hartuak garenak.

Jokin Cifuentes eta Bernat de Diago.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago