Lerroburuarekin baten batek pentsa lezake idazki honen helburua ikastetxea aukeratzeko familien balizko eskubidea sostengatzea dela. Ez da hori asmoa, ezta urrundik ere. Zenbaitentzat hori oinarrizko eskubidea omen da, baina denontzako hezkuntza publikoa aldarrikatzen dugunontzat diskurtso horrek pribilegio batzuei eusteko balio du.
"Zaurgarritasun indizea aitzakia hartuta, hainbat ikasleri hezkuntza publikorako sarbidea ukatu zaie"
Zer da gizarte batean aldarrikatu behar duguna? Osasun sistema, zaintza, hezkuntza... publikoa, unibertsala, kalitatezkoa... Azken hilabeteotan zaurgarritasun indizea aitzakia hartuta, hainbat ikasleri hezkuntza publikorako sarbidea ukatu zaie. Argudioa ez da izan zegokion ikastetxe publikoa beterik zegoela, arrazoia izan da ikastetxe horrek dagoeneko bazuela administrazioak ezarri duen zaurgarri kopurua beteta.
Administrazioa kezkatzen hasi da segregazioarekin ikasle falta dugun honetan, denontzako "bezerorik" ez dagoen urte hauetan. Beraz, agian kezka iturria ez da gure hezkuntza sistemak bizi duen segregazio maila, baizik eta jaiotze tasa baxuaren ondorioak.
Zaurgarritasun indizea inkesta baten bitartez eskuratzen du administrazioak, beraz inkesta batek zaurgarri bihurtu ahal du familia bat, eta oinarrizko eskubidea, hezkuntza publikoa, ukatu. Formula zaharra: apartheida, bazterkeria, administrazioak zaurgarriaren lekuan, baliabide gutxi duenaren lekuan erabaki zer komeni zaion. Hertzainak taldeak Christian Mooreren No time for love abestiaren bertsioan ezin hobeto azaltzen zuen: horien legeak guretzat apartheid... gure eskualdeko zenbait familiak horrela bizi izan dute, hezkuntza publikoan ikasi nahi eta ezin.
"Lege hau ez da behetik gora eratu; kontrakoa, zenbait alderdiren artean sukaldatu ziren lege berrirako oinarriak"
2021etik ikusi ahal izan dugu hezkuntza lege berriak izan duen ibilbidea, hasieratik adostasunera heldu ziren legebiltzarreko talde nagusiak. Lege hau ez da behetik gora eratu; kontrakoa, zenbait alderdiren artean sukaldatu ziren lege berrirako oinarriak eta parte hartzearen berniza eman nahi izan diote.
Hasieratik hezkuntza publikoaren komunitateak desadostasun osoa azaldu du, manifestazio jendetsuak, zenbait forotan euren desadostasuna adierazi dute eta ekarpenak egin dituzte EHIGEk, HEIZEk, Eskola Publikoaren aldeko plataformek... baina interes handiak daude lege honekin aurrera egiteko, ikusi besterik ez itunpeko ikastetxeen patronalen presa lege hau ateratzeko.
Lerroburura itzulita, Derecho de familia filman (2006) bikote batean batak besteari horrela diotso: "Zer egiten dugu gure semea ikastetxe suitzar batera eramaten? Nire arbasoak poloniarrak izanda eta zureak espainiarrak". Errealitateak fikzioa gainditu ohi du, eta horixe gertatuko da gure artean, familia batek eskola publikoan seme-alaba hezi nahi eta suitzar ikastetxe batean edo kristau eskola batean edo... Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoak denak berdintzen ditu eta.
Bertsolariak abestu bezala, batzuetan aldapa dator bizitza ez da ordeka, horregatik bide malkartsu honetan ez dugu etsiko, eta hurrengo hitzordua urriaren 29an dugu Donostian, Euskal Eskola Publikoaren alde, Hezkuntza Lege Honi EZ! lelopean.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.