Duela hiru urte, Gasteizko GKS eta Etxebizitza Sindikatuak Gasteizko txosnetan egoteko eskaera luzatu genuen. Harrezkero, hamaika eztabaida izan dira, baina Txosna Batzordeak oraindik ere uko egiten dio gazteengan —gustatu ala ez— hedatzen ari den korronte politiko berriaren parte hartzeari, horrek dakarren marjinazio sozial eta galera ekonomikoarekin.
"Auzia zertxobait hobeto ulertzeko asmotan Txosna Batzordeak ateratako komunikatua irakurtzen duenak dezepzioa jasoko duela iruditzen zaigu"
Denbora honetan, Mugimendu Sozialistatik langile klasearen defentsa antolatzeko esfortzuak garatzen jarraitu dugu; besteak beste, gazteen politizaziorako mekanismoak, etxegabetzeei aurre egiteko erremintak, emakume langileon antolakuntzarako baliabideak eta abar. Inork esan lezake gure bidea ez dela zuzena, eta agian arrazoia izango dute: gu erabat prest gaude eztabaida politikorako. Hau ez da, hala ere, gaurkoan argitu nahiko genukeena.
Izan ere, auzia zertxobait hobeto ulertzeko asmotan Txosna Batzordeak ateratako komunikatua irakurtzen duenak dezepzioa jasoko duela iruditzen zaigu. Bertan bi arrazoi baino ez dira aipatzen, zein baino zein lausoagoa: "Elkarbizitzarako trabak" eta "elkarlanerako borondate eza". Arrazoiketa, guretzako, nahiko arraroa, nabarmena denez guk daukagulako Txosna Batzordearekin lan egiteko interes handiena.
Inoiz instituzioetatik at antolatzea zer den ikusi duen ororentzako argia da jardun politikoa sostengatzeko diru iturriak izatearena buruhauste bat izaten dela. Hala da gure kasuan ere. Horregatik da bereziki harrigarria Txosna Batzordearen azalpena. Egon litezkeen zalantzak uxatzeko bezala, enfasi handia jartzen dute Txosna Batzordearen izaera plural eta irekian, haien "elkarlanerako prestutasunean" eta haien "bizikidetza osasuntsurako" borondatean. Beto politikoa justifikatzeko komunikatua atera... eta "aniztasunaren ikur" zarela esan!
"Termino hain lausoak erabiltzeak eztabaida zailtzen du, baina ulergarria da, betoa politikoki justifikatzea oso larria izango litzatekeelako"
Noski, Txosna Batzordeak ez du betoa politikoa dela aitortzen. Are gehiago, ez du betoa azaldu ere egiten. Komunikatuaren aurrean bi ondorio baino ezin ditugu atera: edo maila pertsonalean gara jende desatsegin eta txarra, edo arazo politiko bat dago, ergo, beto politiko bat. Guk lehena ukatzen dugu, ez santu batzuk garela aldarrikatzen dugulako (ez gara santuak), baizik eta nabarmena delako auzia politikoa dela. Termino hain lausoak erabiltzeak eztabaida zailtzen du, baina ulergarria da, betoa politikoki justifikatzea oso larria izango litzatekeelako.
Egia da guk, proletalgoaren independentziaren printzipioari jarraiki, kritikak egin dizkiogula ezker abertzalearen deriba interklasistari nahiz Batzordean dauden bestelako talde autonomoei. Egia da, baita ere, kritika politikoa ez dela beti xamurra jasotzen duenarentzako, eta talkak sor ditzakeela. Baina, era berean, denok dakigu kritika politikaren ezinbesteko elementu bat dela, eta bizitza politiko sano baten adierazlea. Edozein antolakunde seriok etengabeko kritika eta autokritika egin behar ditu aurrera egin nahi badu.
"Txosna Batzordeak aukera dauka bere erabakia zuzendu eta izan nahi omen duen hori izateko: espazio ireki eta anitz bat"
Kritika egiten dizun hori kosta ahala kosta baztertzea eta eztabaidarako aukera ukatzea, ez da, gure ustez, bere burua "aniztasunaren ikurtzat" daukan Batzorde bati dagokion jarrera. Txosna Batzordeak aukera dauka bere erabakia zuzendu eta izan nahi omen duen hori izateko: espazio ireki eta anitz bat, eragile ezberdinen elkarlana posible egiten duena. Kontrara, Txosna Batzordeak gatazkan sakontzen jarraitzeko hautua egin dezake: kritika politikoa desitxuratuz, MSaren irudi intoxikatu bat zabalduz eta hainbeste gazteren jardun politikorako garrantzitsua den finantzaketa ekonomikoa zailduz.
GKS eta Etxebizitza Sindikatuak Txosna Batzordearen irizpide guztiak betetzen dituzte, eta eskatzen duguna beste talde guztiei aplikatzen zaizkien irizpide berberak aplikatzea da. Bide berean, era publikoan adierazi nahi dugu erabateko borondatea daukagula, orain arte bezala, Txosna Batzordeak markatutako parametroen baitan lan egiteko. Pilota zuen teilatuan dago.
Eli Irazu eta Ixone Santamaria, GKS eta Etxebizitza Sindikatuko kideak
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.