IRITZIA

Hezkuntza lege berriak eskola publikoa bazter uzten du

Erabiltzailearen aurpegia Manolo Martinez 2023ko eka. 4a, 10:00

Arg: Pixabay

"Ez da inolako neurririk proposatzen oraingo ikastetxe getizatuei buelta emateko"

EAEko gobernuak aurkeztu berri du Hezkuntza Legearen Proiektua. Joan den urteko apirilean alderdi politiko gehienek sinatu zuten akordioaren eta ondorengo aurre-proiektuaren ildo beretik doa, sistemaren pribatizazioaren ildotik, alegia.

Lege-proiektuaren gainean egiten dugun balorazioan, hiru atal nabarmendu nahi ditugu:

1. Legeak sistema publiko-pribatu duala blindatzen du:

–Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa izeneko asmakeria pribatizatzailea eufemismo bat baino ez da hezkuntza sistema publiko-pribatuari eusteko, titularitate publikoko eta pribatuko ikastetxeak berdintzen baititu. Lege proiektu honetan, pribatua publikoa da eta bi sareei trataera berbera eman nahi zaie.

–Legeak ez du eskola publikoa lehenesten. Eskola publikoa "protagonista" izan behar dela jasotzen da, baina protagonismo hori ez da gauzatzen artikulatuan. Sare publikoa indartu eta, itunpeko ikastetxeen presentzia murriztuz, bere perimetroa zabaldu beharrean, irakaskuntza pribatuari, gehien duenari hain zuzen, diru gehiago emango zaio, (%100eko finantzazioa).

–Legeak merkatuaren logikan sartzen du Hezkuntza, eskari gutxi daukaten ikastetxeak (gehienak publikoak eta "ahulenak") ixteko bidean jarriz. Ikastetxeen arteko lehia proposatzen dute, programa kontratuen bidez.

2. Legeak ez du umeen euskalduntzea bermatzen.

–Proposatzen den eleaniztasunak ez du kontuan hartzen euskararen errealitatea, ezta bere presentzia handiagoa izateko beharra.

–Ikasle guztiek derrigorrezko hezkuntza amaitzean B2 maila lortzeko, ez du zehazten neurri bat ere.

–Gaur egungo hizkuntza-ereduek indarrean jarraituko dute, murgiltze eredua orokortu gabe.

3. Eskola-segregazioa: neurri hutsalak

–Segregazio arazo larriari aurre egiteko proposatzen dituen neurriak eragin txikia izango dute (ikasle gutxi batzuk desplazatuko dira).

–Ez da inolako neurririk proposatzen oraingo ikastetxe getizatuei buelta emateko.

Laburtuz, lege hau pribatizatzailea da, ez du euskalduntzea bermatzen eta ez du bukatuko segregazioarekin.

Honen aurrean, euskal eskola publikoaren defentsan ari garenok sistema justuago bat aldarrikatzen dugu, diru publikoaren erabilera zentzuzkoa eskatuz. Helburu horrekin, dekalogo bat osatu dugu, hezkuntza sistema hobetzeko egin beharko liratekeen urratsak hamar puntutan laburbilduz. Bitartean, kalean eta ikastetxeetan Eskola Publikoaren protagonismoa aldarrikatzen jarraituko dugu, indarrak batuz.

Manolo Martinez/ Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunea

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago