Iritzia

Aulki zuriak: aukerarik aurkitzen ez dutenen aukera

Erabiltzailearen aurpegia Luis Mari Ormaetxea 2023ko mai. 25a, 09:50

Argazkia: Unsplash

"Aukera politiko aproposa aurkitzen ez duten herritarren aukera eta ordezkariak gara"

Herritarrei proposatzen dieguna berezia da. Guztiz aldentzen da beste alderdiek egiten dituzten promesa sortengandik.  

Gure hauteskunde programa lerro batean laburtzen da: "Lortuko diren eserlekuak libre uztea, edozein soldata zein diru sarrerei uko eginez". Herritarrek eserleku bat hutsik uzteko eskubidea dutela defendatzen dugu; beraz, eserleku hori ez zaie euro bakar bat bera ere kostatu behar herritarrei. Legealdi osoan zehar eserlekuak libre geratuko dira. Ondorioz, legez eta araudiz dagozkigun ordainsari guztiak jasotzeari uko egiten diegu. 

Aulki Zuriak (Escaños en Blanco) bozkatzea era zintzoena delakoan gaude. Batez ere, norberaren pentsatzeko era jasotzen ez duten beste proposamenei bozka eman edo ez zalantzan baldin badago. Guk, gure hitza hasiera hasieratik beteko dugu: esan eta egin. Gure hauteskunde programa bere osotasunean beteko dugula baieztatzen dugu; ozenki.  

Gure hautagaiek –eserlekua lortuz gero – bere eserlekuak libre utziko dituzte. Era horretan, libre uzten den eserleku horrek baztertuak sentitzen direnen, ahaztuak sentitzen direnen, edota herri politikarekiko frustratuak sentitzen direnen adierazgarri izango da. Bilkurak egiten diren bakoitzean, beste alderdiek hori guztia izango dute aurrez aurre. 

Aulki Zuriak udaletxean eta batzar nagusietan lortzen duen presentziak sistema politikoaren kalitate demokratikoa neurtzen du. Geratzen diren eserleku libreak ohiko alderdi nagusiek ordezkatzen ez dituzten herritarrenak baitira.

"Baztertuak sentitzen direnen, ahaztuak sentitzen direnen adierazgarri izango da" 

Pertsona guztiek bozkatzeko eskubidea dute; baina, bozka guztiek ez dute berdin balio. Alderdi politiko nagusietan ordezkatuak sentitzen ez diren herritarrak behartuta daude bozka zuria bozkatzera edo baliogabea aukeratzera, bozkatu gabe geratzera, edota guztiz gogoko ez duten zerbait bozkatzera; beraz, euren aukera inoiz ez da islatua izaten. Ondorioz, betiko alderdi nagusiek, Hauteskunde Legeaz baliaturik, eserleku guztiak – eta diru guztiak – banatzen dituzte euren artean.  

Guk ez dugu xoxik kobratuko nahiz eta ordezkaritza lortu. Uko egiten diegu emaitzengatik lor ditzakegun dirulaguntza guzti-guztiei. Guzti-guztiei, argi gera bedi, gure alderdiaren izaeran dago, gure DNAn txertatua dago. 

Aukera politiko aproposa aurkitzen ez duten herritarren aukera eta ordezkariak gara. Hau da, bozka zuria ematen duten aukera gara, beren bozka zuri eta aktiboa eraginkorra bihurtzen dugulako; protesta egin duenaren aukera gara, bere protesta eserleku huts batean islatua izango delako; abstentzioan geratzen direnen aukera gara, guri bozkatuaz betiko alderdiei adierazten dielako euren abstentzioa ez dela zerbait pasiboa. 

Hauxe da Aulki Zuriak-en proposamena: aukerarik aurkitzen ez dutenen aukera izatea; aukera eraginkorra, eta batez ere, boto zuria bozkatzen dutenena. 

Luis Maria Ormaetxea. Aulki Zuriak alderdiko Gasteizko alkategaia.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago