AEBetako Hego Komandoaren buru den Laura Richardsonek minutu bat behar izan zuen AEBetako inperialismoaren izaera azaltzeko, era sinple bezain argigarrian. Sistemaren hedabideetan oihartzunik ez bazuen ere –espero zenez–, webean dago urtarrilaren 19ko elkarrizketa. Latinoamerikarekiko harremanak parte-hartzea, segurtasuna eta oparotasunean kokatzeko erronkaz, eta Txina eta Errusiaren influentziaren arriskuaz aritu ostean, "lurra hartu" zuen; litioaren triangelua (Argentina-Bolivia-Txile), Guyana eta Venezuelako petrolioa, mineralak eta lur arraroak, Amazonia eta ur gezaren erreserbei egin zien aipamen. Era enfatikoan itxi zuen: "Asko daukagu egiteko. Zonalde hau garrantzitsua da. Nazio-segurtasunari estuki lotuta dago eta gure jokoa areagotu behar dugu".
Konplexurik gabeko adierazpen hauek erakusten dute Monroe presidentearen 1823ko diskurtsoaren gaurkotasuna, "Amerika amerikarrentzat" ardatza duen doktrina ("amerikar" terminoa kolonizatzaile anglosaxoien ondokoei egokituta, noski). Simon Bolivar edo Jose Marti bezalako etorkizun-sen handiko aitzindariek ohartarazitakoa argi frogatuta geratu zen. Monroe doktrinak guztiz bizirik dirau, eta izen argia izaten jarraitzen du: inperialismoa (egia-osteko mokoharro askok halako terminoak zaharkituta daudela esan arren…). Justu bi mende beranduago, AEBek Abya Yala–Latinoamerika "atzeko patiotzat" hartzen jarraitzen dute. 1823arekin alderatuta AEBetako muga formalak harago heltzen dira, Mexikoko iparraldeko eremuak okupatuta eta, "mendebalde basatiaren" konkistaren bitartez, bertoko jatorrizko herriak erreserbetan konfinatuta eta beren lurrak lapurtuta. Hain zuzen, sarraski operazio hau Hitlerrentzako inspirazioa izan zen, III. Reicherako bizi-esparrua Europako ekialdea konkistatzean helburua jarrita. Era berean, bi mende beranduago, Amerikatik askoz urrunera heldu dira: Guantanamon 1903an lehen base militarra ezartzetik egun gutxienez 80 estatutan ehunka instalazio militar izatera (250-800, iturriaren arabera, batzuk sekretuak baitira). Izan ere, mundu osoan zabalduta daude, estrategikoak diren puntuetan, bai baliabide natural zehatzez jabetzeko, bai beren etsai nagusiak inguratzeko. NATO, AUKUS eta beste aliantza militarrak munduko nagusitasuna mantentzeko asmo honi erantzuten diote, Ukrainan jokatzen ari den partida barne. Monroe doktrina "Mundua amerikarrentzat" bihurtuta daukagu egun.
"Munduko nagusitasuna dago jokoan eta Latinoamerika joko/gerra honen zelai gakoa da"
Europako potentzia kolonialisten aurrean formulatutako doktrina hura Txina eta beste potentzietara zuzenduta dago aspaldi. "Hau nire eremua da. Ez sartu". Baita, nola ez, "atzeko patioaren" "barne etsaiari" ere bideratuta, mende luzean zehar odoltsuki gauzatuta: interbentzio militarrak, estatu kolpeak, komunismoaren kontrako aitzakiapeko errepresio orokortua… Nahiz eta errealitatea konplexua izan eta eragile batzuen interesak gurutzatu, Latinoamerika eta Karibean gertatzen diren gertakizun nagusiak ezin dira ulertu inperialismo yankiaren estrategia honetatik kanpo. Ez Bolivian, ez Perun, ez Venezuelan, ez Brasilen…
Kolonialista europarrak indarrez aspaldi bota arren, urrun dago oraindik hainbeste iraultzaile amerikarrek borrokatutako "Aberri handia". Izan ere, inperialismoaren esku-sartzea eta bertoko oligarkien interes zekenen aurrean, herrien integrazioa ezinbesteko bidea da bigarren eta behin betiko independentziara abiatzeko.
Integrazioak bultzada oso nabaria izan zuen XXI. mendearen hasieran, Chavezen ekimenez martxan jarritako elkarlan proiektu eta esparru askori esker: ALBA, Mercosur, Unasur, Telesur, CELAC... Hala ere, elementu askoren konbinazioaren ondorioz (barne zailtasunak, elite ekonomikoen erasoak...), burgesiak arnasa berreskuratu zuen eta integrazio prozesuan ageriko atzerakada ekarri zuen. Iniziatiba ALBAtik Limako Taldera pasatu zela ematen zuen. Egun, estatu garrantzitsu batzuetan sozialdemokrazia gobernura helduta, ikuspegia zertxobait aldatu da. Integrazioaren beharra arreta berreskuratzen ari da. CELACen urtarrileko goi-bilera adibideetako bat da, non, besteak beste, Argentina eta Brasilgo agintariek Latinoamerika eta Kariberako txanpon propio bat bultzatzearen alde egin zuten. Integraziorako saiakera berri honek zein garapen izango duen ikusteko dago. Alderdi eta aliantza sozialdemokrata hauen hauteskunde-garaipen estuak eta beren ahultasun politikoa agerikoak dira, botere ekonomiko, judizial, mediatiko eta indarkeriaren instituzioen kontrola izatetik oso urrun egonda. Bistakoak dira barne kontraesan eta atzerapausoak ere (maputxeekiko Boricen gobernuaren jarrera errepresiboa kasu). Honen guztiaren gainetik, zerbait argia bada honako hau da: benetako burujabetza eta herrien garapena bakarrik proiektu sozialista batetik etor daiteke. Eta hau behetik eraikitzen da, herriaren antolakuntza eta borrokatik. Hau da berme bakarra proiektu eraldatzaileak aurrera egiteko, gobernu ezkertiarrek neurri ausartak hartu ahal izateko eta, oligarkia lokala eta inperialismoaren erasoen aurrean, botere politikoan mantentzeko. Era berean, bakarrik zonalde osorako proiektu bateratu batetik lor daiteke aldaketa.
Lehia ez da batere erraza. Munduko nagusitasuna dago jokoan eta Latinoamerika joko/gerra honen zelai gakoa da. Estatu kolpe gehiago eta interbentzio militar zuzenagoak gertu egon daitezke. Inperialismo yankiarekin lerrokatutako Europa honetan, erne egon gaitezen estrategia inperialistaren desinformazio eta propagandari aurre egiteko eta Abya Yalako herrien borrokei sostengua irmoki adierazteko. Haiek Monroe doktrina garaitzen duten heinean, menperatzen gaituen inperialismoa ahulduta geratuko baita.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.