Iritzia

Eskerrik asko, Araba!

Erabiltzailearen aurpegia Araba Bizirik / Itxaso Balza, Txetxu Zengotitabengoa, Isa Alvarez eta Endika Rz. de Loizaga 2021ko aza. 2a, 14:47

Araba Bizirik plataformaren manifestazioa Gasteizen, urriaren 23an. / ALEA

"Gure planetak (eta, ondorioz, guk guztiok) eskatzen duen garapen ereduari buruzko erabaki estrategikoa da mahai gainean dagoena; printzipio izendaezin horri des-hazkunde iraunkorra deitzen zaio".

Joan den larunbatean, urriaren 23an, Araba Bizirik plataformak hainbat elkarretaratzez eta ekitaldiz beteriko egun arrakastatsua ospatu zuen, eta, egunaren amaieran, manifestazio jendetsu eta koloretsu bat egin zuen, Gasteizko erdialdean milaka lagun bildu zituena. Izan dadila sarrera hau zenbait hedabidek, interesagatik beharbada, bere benetako dimentsio eta garrantzia islatzen asmatu ez duten edo islatu nahi izan ez duten oihartzuna berresteko.

"Araba Bizirik plataformak egun arrakastatsua ospatu zuen, eta, egunaren amaieran, manifestazio jendetsu eta koloretsu bat egin zuen, milaka lagun bildu zituena"

Izan dadila artikulu hau manifestari guztiek hiriburura eraman nahi izan zuten mezua indartzeko, eta, azkenik, bihotzez eskerrak emateko parte- hartzaile guztiei; baita azken hiru urtaroetan antolatu diren mendi martxak, kontzentrazioak, proiektuei egindako alegazioak, hitzaldi zikloak, kontzertuak eta abar antolatzeko gogo biziz onena jarri duten pertsona guztiei ere.

Araba Bizirikek herritik sortutako hainbat erakunde eta mugimendu biltzen ditu: Arabako Mendiak Aske, zentral eolikoak euskal mendietatik kanpo uztea helburu duena; AHTrik ez, Abiadura Handiko Trenaren proiektuak bertan behera uztearen alde eta benetako tren sare jasangarri eta bokazio sozialdun baten alde egiten duena; Elikadura Iraunkorraren aldeko Mugimendua, lehen sektorearen iraunkortasuna eta makro-negutegi eta makro-granjen proiektuei uko egitea bultzatzen duena; eta Proiektu Honi Ez, espazio naturalak eta biodibertsitatea kontsumitzen dituzten eguzki-energiako megaproiektuen ugaltze desordenatua saihesten saiatzen dena.

Ziur, zerrenda hori irakurtzean, irakurle batzuek pentsa dezaketela: "Hara! Jende honek ezetz esaten besterik ez daki; ez aurrera ez atzera utzi nahi gaituzte. Eten egingo dute gure aurrerabidea".

Ez, inola ere ez. Horien guztien mezua honako hau da: "Honela ez". Izan ere, beste modu batzuk aurkitu eta aplikatu behar ditugu aurrera egiteko, hitz horren benetako adieran, gure kapital naturala arriskuan jarri gabe, gure biziraupenerako ezinbesteko baldintza baita. Ez dugu esan aukera neoliberala dela etorkizunerako posible eta bideragarri den bakarra.

"Ezin dugu esan aukera neoliberala dela etorkizunerako posible eta bideragarri den bakarra"

Plataforma horien izendatzaile komuna da natura eta horrek eskaintzen dizkigun mota guztietako zerbitzuak babestea, baita gaur egun gure gizarteko lehen sektore zigortuaren euskarri diren lurraldeak ere. Salatzea lurralde honekiko eta bere benetako balioarekiko eraso maltzur, neurrigabe, suntsigarri, gupidagabe, arbuiagarri eta eskrupulurik gabeko hau.

Exijitzea lurralde antolamenduaren eta ingurumenaren arloan indarrean dagoen araudia egoki eta zorrotz betetzeko. Eta, zergatik ez esan, naturarekiko kontaktua galdu duen herritarren zati kezkagarri eta esanguratsu baten interesa piztea; oharkabean, uste baitu bizi den ingurune artifiziala berarengandik buruaskia eta independentea dela, eta bertatik hartzen dituela, ezinbestean, gogotik kontsumitzen dituen baliabide guztiak. Nahi bat da, azken batean, gizartea, pertsonak, ustez aurreratua den gure herriaren bilakaeraren lehentasunen erdigunean jarri nahi dituena.

Hazkundearen megalomaniari eta etorkizunik gabeko sistema zein bizimoduari eusten saiatzen diren zentzurik gabeko azpiegitura handiekiko mendekotasunari emandako erantzuna sinbolizatzen du Araba Bizirikek.

Ingurunearekiko eta besteekiko orekan oinarritutako bizitzaren aldeko apustua da, ustez pertsonen bizitza errazteko asmatutako bitartekoak egiazkoak eta gizarte osoaren interesetarako baliagarri izan daitezen. Elikadura baliabideak, baliabide energetikoak eta abar sortzeko prozesuak egituran eta jabetzan deszentralizatuta, eta gizarte aurrerapen, ongizate eta berdintasunari lotuta burutzearen eraginkortasunarekin konbentziturik. Antolakunde horiek osatzen dituzten pertsona guztiek aurre egin behar diete, bitarteko minimoekin eta sormen handiarekin, gauza guztien gainetik beren emaitza kontu oparoak loditu ahal izateko aukera, baliabide eta eragin amaigabeak dituzten erraldoiei. Nabarmena delarik, tamalez, ordezkari politiko ospetsuen eta haien morroi mediatikoen arteko adostasuna.

"Zentzurik gabeko azpiegitura handiekiko mendekotasunari emandako erantzuna sinbolizatzen du Araba Bizirikek"

Oso gai sakonak daudelako eztabaidan. Sinestezina da interes korporatibo latzen gainetik babestu behar gaituzten administrazioek gai horiek gutxiestea.

Horietako batzuk dira, esate baterako, ingurumenari eta lurralde antolamenduari buruzko estrategiak, planak eta araudia, ordenamendu juridikoaren muina osatzen dutenak, zeina, jakina, beti hobetu daitekeen.

Hezkuntzari, zientziari, osasunari, gizarte babesari eta berdintasunari dagozkienekin batera, haiek dira agian Garapen Iraunkorrera hurbil daitekeen zerbaiten bidean jar gaitzaketenak. Oraindik ere asko hobetu daitekeen esparru hori lortzeko, ahalegin handiak egin dira zientzia, teknika, ekonomia eta emandako giza baliabide ugariei dagokienez. Hamarkada askotan zehar lan handia egin da hori lortzeko, bai administrazioan, bai gizarte mugimenduetan. Adostasun ugari bildu behar izan dituzte, eta oreka zein konpromisoen sare korapilatsu bat eratu dute, batzuetan justu-justu baleko gutxieneko batzuetara iritsi ahal izateko.

Era berean, naturarekin zuten harreman eta menpekotasun estuaz konbentzituta, gure arbasoek kudeaketa mekanismoak asmatu zituzten, altxor ordezkaezin hori guregana iristea ahalbidetu duen kudeaketa komunalaren bidez, nahiz eta gutxitzen doan. Inguru natural horiek publikoaren zein komunalaren balioaren eta ezinbestekotasunaren sinbolo menderaezinak dira. Araba horren adibide garbia da, erregimen publikoan dituen mendien ehuneko handi batekin.

"Inguru natural horiek publikoaren zein komunalaren balioaren eta ezinbestekotasunaren sinbolo menderaezinak dira"

Titulartasun publikokoak, Euskadiko biodibertsitatearen gordailu handiena eta ugariena bihurtzen dutenak, eta funtsezko papera dutenak dinamika ekosistemiko kontinentaletan. Horregatik guztiagatik, korporazio handientzat ere mokadu gustagarriegia bihurtu da.

Orain, administrazioaren zati batek, edo, hobe esanda, administrazioaren estamentu politikoen zati batek, muzin egin nahi dio arautegi horri guztiari. Horren erakusgarri: Arabako Mendiak Askek, parke eolikoei aurkeztutako alegazioetan, 30 plan, programa, lege zein ingurumen eta lurralde antolamenduko dekretu baino gehiagoren ez-betetzeak hauteman ditu. Eta ez gara ari forma akatsez edo interpretazioari lotutako gaiez. Testu horien printzipio, helburu eta artikuluei zuzeneko traizioa egin zaie.

Hor egon arren, errespetatu beharreko baina betetzen ez diren legeek, azpiegitura horien inpaktu egiaztatuek, Europako Batasunak berak abiadura handiko sareen errentagarritasun faltari buruz egindako txostenek, lurraldean eragiten dituzten desegituraketek, energia berriztagarria banaketa formatuan sortzearen eraginkortasun handiagoak (eztabaidaezina dena), makro-granjek eta makro-abeltzaintzek inguruneari, animaliei eta lehen sektorean aritzen den biztanleriari eragindako ondorio kaltegarrien inpaktu egiaztagarriek... bere horretan jarraitzen dute. Batere lotsarik gabe, "beren" proiektuak jasango dituen gizartearen erabateko errefusa ere mespretxatuz, esaten jarraitzen dute ingurunea txikitzen duten "beren" proiektuentzako kokalekuak bilatzen jarraituko dutela. Ez izan zalantzarik. Aurrean izango gaituzte.

"Arabako Mendiak Askek, parke eolikoei aurkeztutako alegazioetan, 30 plan, lege eta dekretu baino gehiagoren ez-betetzeak hauteman ditu"

Artikulu honek ezin ditu, espazio eta helburu arrazoiengatik, salatutako proiektuetan dauden inkongruentzia eta zentzugabekeria guztiak aletu. Horregatik, webguneak bisitatzera eta sare sozialak planteatutako aldarrikapenak zein alternatibak zehatz-mehatz aztertzera animatzen ditugu irakurleak.

Dialektika horren guztiaren ondorioz, gure planetak (eta, ondorioz, guk guztiok) eskatzen duen garapen ereduari buruzko erabaki estrategikoa da mahai gainean dagoena. Ezinbestekoa da ia estamentu eta erakunde soziopolitiko guztientzat tabu bat den horretara iristea, hazkunde infinituaren ideia neoliberalari atxikitzen baitzaizkio Barne Produktu Gordinaren eta "garapenerako" bide bakar gisa. Lehenbailehen desmuntatu behar den falazia da. Lurrean ez organismorik ez sistemarik ezin da infinituraino hazi. Sistema ultra-kapitalista hori ere ez, jakina. Eta edozein irakurlek, jakin-min eta asepsia intelektual minez irakurtzen badu, gaur egun ere ikus ditzake sistemaren kolapsoaren zantzu larriak, planeta epe laburregi batean desagerrarazi dezaketenak. Oraintxe bertan ekin behar zaio.

Printzipio izendaezin horri des-hazkunde iraunkorra deitzen zaio. Aztertzen ari garen gaietan, lurraldearen konkistari eta eremu naturalen erabilera itzulezinaren aldaketari muga kontziente eta planifikatuak jartzeko ezinbesteko beharrak eragiten du kontzeptu hori.

"Ez dugu nahi Araba suntsitzerik, orain arte hartu gaituen lurra eta etorkizuneko belaunaldien babesa eta sostengua izan behar duena"

Amaitzeko, argi utziko dugu 23ko manifestazioa ezin dela izan bidearen amaiera. Asko dago egiteko, suminduratik, gogaitasunetik, baina baita ahal den guztia lan egin behar dela uste izatetik ere; estamentu guztiak, baita zentzugabekeria horien orain arteko sustatzaileak ere, onbideratu daitezen eta lurra gure ondasunik handientzat har dezaten.

Aldarrikatzen genuen bezala:

  • Ez, ez dugu nahi Araba suntsitzerik, orain arte hartu gaituen lurra eta etorkizuneko belaunaldien babesa eta sostengua izan behar duena.
  • Ez dugu nahi zentral eolikoek, instalazio fotovoltaikoek, trenbide azpiegitura handiek edo nekazaritzaren industrializazioak Araba basamortu huts eta eremu triste bihurtzea; gainera, zertarako eta inbertsio funtsen eta energia enpresen onura esklusiborako.
  • Gure erakundeetako politikariei eskatzen diegu bete dezatela lurraldea eta bertan bizi diren pertsonak babesteko duten betebeharra.
  • Arabak ezetz esan dio espolio honi.

Oraindik garaiz gabiltzalako bide ona jarraitzeko, eta koherenteak izateko, lurra gure seme-alaben mailegua baita.

Sinatzaileak: Itxaso Balza de Vallejo (Arabako Mendiak Aske), Txetxu Zengotitabengoa (Proiektu Honi Ez), Isa Alvarez (Elikadura Iraunkorraren Aldeko Mugimendua), Endika Ruiz de Loizaga (AHTrik Ez, Tren Sozialari Bai).

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago