Asteazkenean publiko egindako erreportajean, ARGIAk Arabatur elkartearen eta Gustavo Antepara PPko kide, enpresari eta 21 Zabalgunea sozietateko kidearen arteko loturak eman zituen argitara, Nor dago Gasteizko etxebizitza turistikoen lobbyaren atzean? ikerketaren barruan. Gasteizko Alde Zaharreko etxebizitzak turismora bideratzeko ahaleginak ertz gehiago ditu. Kasu honetan, Udala eta Alfredo Piris dira protagonistak.
Eraikin osoen turistifikatzea baimentzeko, Udala, besteak beste, Hirigintza Kudeaketako Zuzendaritzaren aldeko txostenean oinarritzen da: "Arabaturren alegazioa partzialki onartzea proposatzen du, eraikin osoetako etxebizitza turistikoak baimenduz", dio 2020ko uztaileko txostenak. Txostenak Alfredo Pirisen sinadura darama, hamarkadetan Gasteizko hirigintzari loturiko kargu publiko garrantzitsuenetan aritu dena EAJk, PSEk zein PPk zuzendutako udal gobernuetan –besteak beste, 21 Zabalgunearen gerente izan zen 2000 eta 2013 urteen artean–.
Eta txosten hori, besteak beste, 21 Zabalgunearen aldeko iritzian oinarritzen da: "Arabaturren alegazioari dagokionez, udaleko hirigintza-sozietatearekin [21 Zabalgunea] kontrastatu da (...) eta ondo funtsatutzat eta onargarritzat jotzen da erabilera turistikoko etxebizitzak eraikin osoetan baimentzeko aukera".
Existitzen ez den iritzia
Ustezko iritzian, esan beharko genuke. Jakinik Luxury Rental Apartments enpresaren jabe Gustavo Antepara 21 Zabalgunearen administrazio kontseiluko kide dela, hirigintza sozietateko kontseiluaren eta juntaren bileren aktak aztertu ditugu, jakin nahian 21 Zabalguneak aldeko iritzia eman zuenean Anteparak boza eman zuen ala ez –inhibitu egin beharko zuelakoan, interesen arteko gatazka egoteagatik–.
Auziaren inguruko bozketarik edo aipamenik ez dago aktetan. Azkenean, EH Bilduk Udalaren erabakiari aurkeztutako alegazioan aurkitu dugu erantzuna. "[21 Zabalgunearen] Txosten hori ez dago espedientean, abuztuaren 6an San Martingo bulegoetan egin genuen espediente-ikustaldian egiaztatu ahal izan dugunez". Txostenagatik galdetu zuen EH Bilduk, eta 21 Zabalgunearekin egin zena kontraste informal bat izan zela erantzun zioten: "Jakinarazi zitzaigun, ahozko kontsulta bat egin zitzaiola 21 Zabalguneari".
EH Bilduko iturriek baieztatu digute Alfredo Pirisi egin ziotela galdera, eta horrek adierazi ziela telefono bidezko kontsulta informala izan zela egindakoa –norekin, ez dakigu–. Horrek ez du ekidin, ordea, 21 Zabalgunearen "baiezkoa" iritzi kualifikatu bezala aurkeztea etxebizitzen turistifikazioari baimena emateko.
Albiste hau ARGIAk argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu ikusgai.