Aste ikaragarria Tourrean atzo bukatu zena. Gerra psikologiko latza Vingegaard eta Pogacarren artean. Kasparov eta Karpoven arteko xake partida ikaragarria, thriller baten osagai guztiekin: tentsioa, antzerkia, zehar begiratuak, adrenalina, testosterona erakustaldiak indartsuago nor dagoen erakusteko... Joux-Plane eta Saint Gervaisko bukaerak suspensez beteta egon dira, baina ezin dugu ahaztu Erdialdeko Mendiguneak utzi diguna: Euskal Herriko bi ziklista handien garaipenak!!! Pello Bilbaorena Issoiren, eta Ion Izagirrerena Belleville-en-Beaujolaisen. Tourra Euskal Herritik abiatu den urtean, gure herri txikia nazioarteko erakusleihoan kokatzen duten garaipen itzelak.
Erdialdeko Mendiguneak Euskal Herriko bi ziklista handien garaipenak utzi dizkigu
Segundotan apenas egon da aldaketarik. Segundo bakarra, liderraren alde, eta gainsariei esker lortutakoa, Joux-Plane mendateko pankartapean. Segundo bakar horrek, ordea, asko esan nahi du. Besteak beste, Vingegaardek Pogacarri segundoak lapurtu zizkiola aurrez aurre, berea ez zen terrenoan. Atzoko etapa bukaera pikoan ere, Pogacar nahi eta ezin aritu zen, eta Vingegaard izango da azkena abiatzen erabakigarria izan bide den biharko erlojupekoan, erreferentzi guztien jabe.
Alpeetako etapek zeresana eman dute. Taktika zurrunak, begiratu zorrotzak, testosterona bor-bor Pogacar eta Vingegaarden hanka zuztarretan barrena... Kronometroak ez du epairik eman, momentuz, baina gaitasun fisikoak eman du bere epaia: biak ala biak oso paretsu daude indarrez, eta elkarren aurkakoak batak bestea atzeratu ezin duenez, erlojupekoan jakingo da nor dagoen indartsuago. Erlojupeko berezia da biharkoa, krono-igoera baten antza handia daukana. Borroka mentalean aurrerapausoa eman du liderrak. Vingegaardek eutsi egin dio Pogacarri bere terrenoan, gainsariak lapurtu, eta atzoko etapako azken metroetan ere gurpila erakutsi nahi izan zion Pogacarri, "hemen nago eta ez nauzu atzean utziko" esan, aurpegira. Horrek, dudarik ez, eragina izan dezake Pogacarren konfiantzan. Pogacar eta UAE Vingegaard urduritzen, xaxatzen saiatu ziren Pogacarrek Adam Yatesi buruan bidea bakarrik egin zezan utzi zionean. Larri zihoala esan nahi izan zion Vingegaardi, baina danimarkarra ez zen zepoan erori. Pogacarren antzerki keinuak ez dira berriak... 2021ean Mont-Ventouxen gora ere egin zituen pare bat...
Zer geratzen zaigu, bada, azken aste honetan? Hiru etapa erabakigarri, eta beste hirurak, lasaiagoak
Zer geratzen zaigu, bada, azken aste honetan? Hiru etapa erabakigarri, eta beste hirurak, lasaiagoak. Biharko bakarkako lanak 23 kilometro eskas ditu, baina horietatik ia erdiak gorantz. Tarteka %10eko pendizarekin, gainera. Bi oilarrak 20-30 segundoko bueltan ibiliko dira, gauzak normal, baina noren alde izan, erabakigarria izango da. Asteazkenean Alpeetako etapa handia dago, Col de la Loze bukaezin eta garaiarekin (28 kilometro luze, eta 2.304 metroko garaiera), eta larunbatean, Vosgues mendialdean, azken balak, etapa motz baina ezin bihurriagoan.
Alea jacta est... laster!!!
Albiste hau AIURRI hedabideak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu osorik ikusgai.