Ekintzek balio dute; edo ekintzetan oinarritutako iritziek. Iritzi soilek ez baitute indarrik, ekintza edo gertaera jakin bat oinarri ez badute. Tourreko lehen bederatzi egunetan hainbat ekintza, fact ikusi ditugu, eta horien ondorioak aipatzeko ariketa saiakera da analisi hau. Beti ere, eta esan bezala, ekintzak sakratuak direla aintzat hartuz, eta iritziak, aldiz, hori: iritziak. Ukaezina baita Tourra Euskal Herrian hasi izana arrakasta handia izan dela. 600.000 lagun pasa errepideetan ikurrina astintzen, munduari nor eta zer garen erakusten. Pirinioetako bi etapa ikusgarriak etorri ziren gero. Pogacar eta Vingegaard muturrekoka, Philippsenen triptikoa, eta Mark Cavendishen agurra. Gauza asko, egun gutxitan. Eta geratzen direnak... 13 egun luze Eliseoko Zelaietara iristeko.
Ekintzak: Euskal Herriko hasiera. Itzela. Historikoa. Ekintzak. Erakusleiho hoberik ez du izango gure aberriak. Txirrindularitza herria. Merezi du? Iritzia. Ba bai. Garestia da, esango dute batzuk. Baita. Euskal Herria munduan barrena ikusi da, ezagutu gaituzte, ezagutzen ez ba gintuzten. Halako oihartzun mediatikorik nekez izango du urte luzetan Euskal Herriak, beraz gozatu bizitakoarekin.
Kirol ekintzak: A ze dema Tadej Pogacar eta Jonas Vingegaarden artean. Vingegaard eta Pogacaren artean esan beharko genuke, errespetuz jokatze aldera, danimarkarra baita lider. 17 segundoko errenta txikiarekin. Zenbat pisatzen dute 17 segundok? 17 segundo horiek nola pilatu dituen Jumbo taldeko liderrak? Euskal Herrian Pogacarek Vingegaard jango zuela zirudielako Piken eta Jaizkibelen, gainsariak lortuz. Eta Marie-Blanque hormatzarrean gora, ttak, danimarkarrak danba! Astindua eta Pogacar larri, gutxitan bezala. 1.02 sartu zion Vingegaardek Laruntzen.
Halako oihartzun mediatikorik nekez izango du urte luzetan Euskal Herriak, beraz gozatu bizitakoarekin
Alarma UAE taldean, Poz neurrikoa Jumbon. Eta Tourmalet hurrengo egunean. Facts. Ekintzak. Egurra Jumbok, eutsi Pogacarek, eta ttak, esloveniarraren kolpea mahai gainean Cauteretsen. 25 segundo zakura. Zalantzak Jumborenak, orduan. Poza, neurrikoa hori ere, UAEn. Puy de Dome mitikoaren zain. Eta Erdialdeko Mendiguneko sumendi itzali hartan, berdinketa xake partida zurrunean. Jumbok lan eta Pogacarek jan nahi izan zuen, eta jan bazuen ere, gosez geratu ote zen... (Iritzia). 8 segundo gauza gutxi baitira, baina badira.
Ta orain zer? Nor dago hobeto, indartsuago? Pogacar jaiki da, eta ez zirudien erraza. Baina Vingegaard-ek ere eutsi zion bart Puy de Domen gora, eta ez zen erraza, Cauteretsen kale egin ostean. Iritziak. Itxuraz, Pogacarren lehen eraso kolpea eutsi ezina, jarrai ezina egiten zaio Vingegaardi, baino irauten du, esloveniarrarengandik metro gutxira. Itxuraz, etapa gogortzen denean, Pogacar-ek komeria gehiago ditu Vingegaardi eusteko. Hala gertatu zen Zuberoan barrena Zurdaite igo zuten egunean. Tourmaletekoa, aldiz, ez zen hain gogorra izan. Sepp Kussek ere asko dauka esateko. Durango Kid-ek egun ona duenean Pogacarrek berak ere sufritu egiten du. Marie Blanquen gora ikusi zen. Puy de Domen ez zen fin ibili Coloradokoa, eta Vingegaardek ez zuen erasotzeko aukerarik izan. Ekintzak eta iritziak, partekatuak, azken esaldi hauetan.
Beroak eraginik ba ote du, Pogacar eta Vingegaarden errendimenduan? Itxuraz, hobexeago jasaten ote duen danimarkarrak. Hori iritzia, ez baitago datu zehatzik. Ze eragin izango du talde lanak? Jumbok lasterketa lehertzeko lana egin, egiten duelako, baina Pogacar lan horri etekina ateratzen abila da, eta Jumbok ez du nahi taldea lehertu, uzta aurkari zuzenak ateratzeko. UAEren jardunaren inguruan, egitatea: Jumbo baino askoz makalago ibili da mendian gora. Pogacarrek hori sobera nabaritu ez badu ere.
Ekintzak: erne hurrengo hiru etapekin Erdialdeko Mendikatean. Sekulako salda espero da, trumoia ere bai bihar, eta Frantzia erdialdeko terrenoa gaiztoetan gaiztoa da; Euskal Herrikoa bezala, atsedenik gabekoa, baina asfaltoan arrautzak frijitzen ariko balira bezala.
Momentuz, berdinketa teknikoa. Ekintza.
Albiste hau AIURRI hedabideak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu osorik ikusgai.