Kronika - 4. etapa

Siestak ere Tourra dira...

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo - Aiurri.eus 2023ko uzt. 4a, 18:25

Gaur ere esprintean irabazi du Philipsenek. Argazkia: @LeTour

Philipsenek bigarrena lortu du, erorketa askoko bukaeran. Etapako lehen zatia ezin aspergarriagoa izan da, ziklistek ihesaldi ahaleginei uko egin baitiete.

Siestak ere Tourreko ezinbesteko osagai izaten dira tarteka, eta hala izan da laugarren etapan, Akize eta Nogaro lotu dituen 182 kilometroko saioan. Ez baita nabarmentzeko ezer gertatu lehen 100 kilometroetan. Bai edo bai esprintean bukatuko diren etapek handicap hori dute, ihesaldiaren bitartez garaipena lortzen saiatu nahi dutenek badakitela jai dutela. Tourra, baina, publizitatea egiteko aukera ezin hobea da, eta arrakastarik izango ez dela jakinda ere, saiakera egiteak ikusgaitasuna eman diezaieke hainbat babesleri...

Esprintean bukatuko diren etapek handicap hori dute, ihesaldiaren bitartez garaipena lortzen saiatu nahi dutenek badakitela jai dutela

Lehen 100 kilometroetan ezer ez. Bazkalosteko siesta, tropelak 30-32 kilometro orduko batez besteko abiaduran egin baitu bidea. Bide erdian zegoen esprintak bakarrik aztoratu du martxa, eta ondoren egin dute hanka Benoit Cosnefroyk eta Anthony Delaplacek. Ziur aski Ag2r eta Arkea taldeetako kirol zuzendariek eskatuta, eta etapari gatz pixka bat jartze aldera. Ez dute euren asmoa lortu, noski, eta etapa garaipena Nogaroko helmugako esprintean erabaki da.

Helmuga oso bihurria izan da, eta hiruzpalau eroriko egon dira tropelean. Itxuraz larririk ez, baina oinazeak muturrekoa hartu eta ordu batzuetara agertzen dira, eta adi egon beharko dugu badaezpada, liderren batek kalteak izan dituen jakiteko. Jasper Philipsenek lortu du bigarren garaipena jarraian, kaosari etekin handia atera eta Van der Poeli esker berriz ere. Azken errelebo bikaina eman dio Van der Poelek. Ewan izan da bigarren, eta Bauhaus hirugarren. 

Bihar ez da siestarik egongo

Ez behintzat txirrindularitza gustuko duenak, Pirinioetako lehen etapa jokatuko baita: Paue-Laruntze, Biarnon. 163 kilometro, eta bi mendate gaizto bidean. Biarnon 45 bat kilometro egin ondoren, Euskal Herrira bueltatuko da lasterketa, Zuberoako Montori herrian barrena. Biarnora bueltatuko da Garateko lepoa pasa eta berehala, Zurdaite mendatetik 3.5 kilometrora (Soudet, jatorriz). Soudet mendi zaila da, luzea eta gogorra: 15,2 kilometro eta %7,2ko batez besteko desnibela. Irregularra da, atseden guneak dituelako, baina malda latzak ere bai. Eguraldia lagun bada, Izarbe, Auñamendi eta Basaburuko arroila ikusgarriak ikusi ahal izango dira telebistaz. Aretara jaitsi ondoren Ichere txikia igoko dute, hirugarren mailakoa, eta berehala Marie-Blanque, etapako mendate erabakigarria. Marie-Blanqueko azken lau kilometroak oso gogorrak dira, eta tropela txikitu egingo da erabat. Gainean, gainera, gainsariak daude, eta helmugan ere bai. Gainetik 17 kilometro bakarrik daude Biarnoko Laruntzera, horietatik hamar maldan behera.

Albiste hau AIURRI hedabideak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu osorik ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago