Saihesbide honi "ez" esan diote Legution

Erredakzioa 2024ko urt. 21a, 20:13

Elkarretararatze jendetsua egin dute gaur eguerdian Legutioko plazan. Argazkia: M. Biteri

Besteak beste, irteera bakarrarekin geratuko da herria eta "hainbat arazo" eragingo dituela azaldu dute; "konponbideak" eskatu dizkiete agintariei.

Protesta kalera eraman dute beste behin Legution, saihesbide berriak herrira ekar ditzakeen arazoekin kezkatuta. Legutio Bizirik plataformak deituta, dozenaka lagun elkartu dira igande eguerdian herriko plazan "konponbideak" galdegiteko, "eta hala ez bada, obrak geldiarazi ditzaten" eskatzeko.

Dagoeneko hasi dute N-240a hobetzeko lanen bigarren fasea, eta horrekin batera Legutioko saihesbide berria, eta, plataformatik azaldu dutenez, hainbat arazo sortuko ditu herrian. Izan ere, esku artean duten planaren arabera, proiektu honek herria irteera bakar batekin utziko du, eta zenbait kalte eragingo ditu: "Besteak beste, ikastola paretik trafiko joan-etorri handiagoa izango da, Etxebarri auzoa isolatuta utziko dute, abereentzako pasabideak hondatuko dituzte eta lineako autobusak herrirako sarbide gabe geratuko dira". Obrak hasi direla eta arazo horientzat konponbiderik eman ez dietela azaldu dute plataformako kideek. 

"Honi gehitu behar zaio, desajabetzearen ondorioz, Legutioko herriak berriz ere etxe, lur eta mendiak galduko dituela. Lurraldeen arteko komunikazioen alde, Legutio berriz ere sakrifikatua izango da. Norarte iritsiko da? Zenbat gehiago gure iritzia kontuan hartu gabe?".

Eskaerak eta kezkak entzun daitezen Legutioko plazara eraman dute aldarria herritarrek, eta Legutioko administrazio batzarra eta Legutioko Udala ere deitu dituzte. "Hemen gaude guztiok batera konponbideak eskatzeko, eta, konponbidea eman ezean, obrak gelditzea eskatzeko. Bariante honi ez!".

Konponbideak bilatu artean, mobilizatzen jarraituko dutela azaldu dute plataformatik, eta astelehen arratsalderako bilera irekia deitu dute kultur etxean.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago