EH Bildu eta Elkarrekin Podemos batzarkide taldeek Nerea Bengoa Legutioko alkatearen agerraldia eskatu dute Mugikortasun Jasangarri eta Bide Azpiegituren Batzordean, Legutioko saihesbide berriaren inguruko proiektuaz iritzia eman dezan.
Bi batzarkide taldeek "berebiziko garrantzia" ematen diote Legutioko Udalaren iritziari, Legutioko Batzar Administratiboak egindako salaketak ezagutu ondoren. Halaber, sortutako gatazkari irtenbideak emateko Udalak egingo dituen proposamenen berri ere izan nahi dute EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek.
Legutioko saihesbidearen proiektua kezka iturria da herritarrentzat; Legutio Bizirik plataformak salatu duenez, herrirako sarrera eta irteera bakarra izatea ekarriko luke errepide berriaren eraikuntzak. Gainera, ikastolaren aurretik pasatuko litzateke eta trafiko astunarekin arazoak aurreikusten dituzte.