Saihesbidea, protesta iturri

Anakoz Amenabar 2023ko urr. 20a, 08:00
Legutioko eskola pareko errepidean izan daitekeen trafikoagatik kezka agertu dute herritarrek. Argazkia: M. Biteri

Legution egin nahi duten saihesbideak, besteak beste, iparraldeko irteera itxi eta trafikoa irteera bakarrean pilatuko duela azaldu du administrazio batzarrak. Protestak iragarri ditu Legutio Bizirik-ek.

Legutiotik Bilboranzko norabidean doan errepidean egokitzapenak egin eta gero, N-240a hobetzeko lanen bigarren fasea abiatuko dute laster. Legutioko saihesbideari dagozkion lanak udazken honetan dira hastekoak, baina kezka da nagusi herrian. Eraikuntza proiektuari eginiko alegazioei Diputazioak "behin eta berriz entzungor" egin diela salatu dute administrazio batzarretik, eta proposatutako aldaketak kontuan izan gabe lizitatu dutela obra.

Besteak beste, iparraldeko irteera itxi eta irteera bakarra izango dute aurrerantzean kotxeek Otxandio, Bilbo edota Gasteizera joateko, hain zuzen eskola pareko errepidetik, "horrek izango duen arriskuarekin". Berandu baino lehen, gaiari heltzeko eskatu dio Legutio Bizirik herri plataformak ere Aldundiari, eta mobilizazioak iragarri ditu.

Administrazio batzarreko ordezkari Ruben Ibañezek gogoratu bezala, 2020an atera zuten saihesbidearen ingurumen inpaktu proiektua, eta hari zenbait alegazio jarri zizkioten. "Ingurumen alorreko alegazioak izan ziren orduan, baina eraikuntza proiektuarekin genuen kezka ere agertu genion Diputazioari". Ostean ere, hainbat bileratan ikusi dituzten oztopoak jakinarazi dizkietela azaldu du: "Eta alegazio horietarako denbora izango zela esan digute beti; gaia luzatu egin dute, eraikuntza proiektua gainean jarri diguten arte, eta azkenik zuzenketak aurkezteko berandu dela esan". Alegazio horien artean, Otxandioko irteera ixteak izango dituen ondorioak nabarmendu ditu Ibañezek, eskola aurrean eragin ditzakeen trafiko arazoengatik. "Bereziki arriskutsua iruditzen zaigu eskola aurrekoa. Ordu batzuetan auto pilaketak sortzen dira parean gaur egun, eta honek areagotu egingo ditu". Besteak beste, Albina aldetik datozen autoak, tartean herriko zerrategira joan-etorrian dabiltzan kamioiak, bertatik igaro beharko dute nahitaez Gasteizera joateko.

Besteak beste, Etxebarri auzoan oinezkoentzako pasabide bat galdegin dute

Etxebarri auzoan, bestalde, errepidea zabaldu eta oinez gerturatu nahi dutenentzat "oso arriskutsua" izango dela uste dute administrazio batzarrean, "eta ez dute pasabiderik edo beste aukerarik proposatzen". Beste eragozpen batzuen artean, gainera, Durango eta Gasteiz lotzen dituen autobus lineak Legution duen geltokia erdigunetik atera beharko dutela uste dute.

Mobilizazioak

Joan den astean ahaldun nagusiarekin elkartu eta gero, Batzar Nagusietan agerraldia egiteko eskaera egin dutela gogoratu du Ibañezek. Obra hasteko egun gutxi geratzen direnean "atzera" egitea oso zaila izango dela aitortu duen arren, noizbait aldaketa egin izan dela ere gogoratu du: "Borondate politikoa baldin badago, egingo dute egokitzapena; borondatea da behar dena". 

Legutioko Udaletik ere saihesbidearekin "kezka" agertu dutela azaldu du Ibañezek, baina Diputazioak zer egingo zain daude. "Eta bada garaia mugitzeko, ezin dugu makinak lanean hasi arte zain egon. Gehiegi itxaron dugu". Haren esanetan, Diputazioko errepide saileko teknikari eta politikariek "aurpegira barre" egin dieten sentsazioa dute: "Promesa faltsuak egin dizkigute eta guk haien borondate onean sinetsi dugu: hori izan da gure akatsa".

Legutioko plazan, udaletxe aurrean, eskegi duten pankarta. Argazkia: ALEA

Bien bitartean, herritarren artean "kezka nabarmena" dela azaldu du Marieka Velasco administrazio batzarreko kideak ere, eta eraikitze proiektuak "harrapatu" egin dituela. Herritarrak informatzeko bi batzar egin dituzte azken asteetan, eta kexa ugari izan dira horietan. "Eskolako gurasoontzat, bereziki, kezkagarria da proiektua,  oraingo auto korapiloa areagotuko duelako honek eskola aurrean". Velascoren arabera, "beste hamaika modu" daude proiektua "herriarentzat jasangarriago" egiteko eta herritarrei kalte gutxiago eragiteko.

Eskola parean eta herriko plazan, dagoeneko, Guztiontzako kaltea, bariantea  eta Legutio SOS, ito egin nahi gaituzte berriro dioten pankartak ikus daitezke, eta, kezka bistaratzeko asmoz, beste mobilizazio batzuk ere iragarri ditu Legutio Bizirik plataformak; lehendabizikoa Gasteizen egingo dute, Batzar Nagusietako agerraldiarekin batera elkarretaratzea iragarri dute. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide