Ganaltoko gurutzea bere kokalekura itzuli eta oinarrira lotu dute bizilagunek

Erredakzioa 2022ko uztailaren 1a

Hiru eguneko epean, ezezagunek Ganaltoko gurutzea eraitsi zuten, bizilagunek bere lekura itzuli zuten, eta, atzo, hormigoizko oinarrira lotu zuten berriz ere.

Ganaltoko gurutzea eraitsita agertu zen asteartean. Ordu gutxi batzuetara, Zuiako bizilagun talde batek tontorrera itzuli zuen, poleen eta lur orotako ibilgailuen laguntzarekin. Falta zen bakarra gurutzea hormigoizko oinarrira lotzea zen, bere ohiko kokalekura itzul zedin.

Egitura metalikoa duen gurutzeak zazpi metroko altuera eta 300 kilo baino gehiago dituen arren, hain zuzen ere, hori egin dute ostegun honetan Aperregiko bizilagunek, sabotajetik 72 ordu baino gutxiagora: gurutzea oinarrira igo eta egitura bere oinarrira soldatu. Kamioi baten, garabi baten eta soldatzaile baten laguntzarekin auzolanean parte hartu zuten zazpi bizilagunek argazkia atera zuten gurutzearen aurrean, unea betikotzeko.

 

Ustezko sabotajea

Asteartean, ezezagunek Badaia mendilerroan kokatutako Ganalto mendiko (898 metro) gurutzea eraitsi zuten, eta hainbat mendizalek bere ohiko kokalekutik metro batzuetara topatu zuten goizean zehar. Antza denez, gurutzea lau hanketatik moztu zuten erreminta bereziekin; hormigoizko oinarri baten gainean zegoen, burdinaz forjatuta.

Oraingoz ez dago informazio gehiago ekintzaren inguruan, eta ez dira ustezko sabotajearen arrazoiak ezagutzen. Azken urteetan frankismoarekin lotutako hainbat gurutzeren aurkako ekintzak egin dira Euskal Herrian; hala ere, gurutze honek jatorri erlijiosoa duen arren, ez du frankismoarekin lotura zuzenik.

Ganaltoko lehen gurutzea 1900ean jarri zen, eta egurrezkoa zen. 1954an, Manuel Iradier Txangozale Elkarteak metalezko gurutze bat eraikitzeko eskatu zien Elejalde anaiei. Gaur egungo gurutzea Iñaki Elejalderena da, eta 2003an jarri zuten. Hemeretzi urte beranduago agertu da eraitsita.

Auzolana

Eraistetik ordu gutxi batzuetara, bizilagun talde batek bere jatorrizko kokalekura igo zuen gurutzea, poleen eta lur orotako ibilgailuen laguntzarekin. Honako irudietan ikus daiteke nola egin zuten:

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago