Gasteiz Hoy hedabideak argitaratu duenez, ezezagun batzuek Ganaltoko (898 metro) gurutzea eraitsi dute, Badaia mendilerroan, Gasteiz eta Gorbeialdea artean, Zuia udalerriko lurretan. Astearte honetan mendian zebiltzan hainbat mendizalek eraitsita topatu dute gurutzea, ohiko kokalekutik metro batzuetara, eta hedabide horri helarazi dizkiote argazkiak. Antza denez, gurutzea lau hanketatik moztu dute erreminta bereziekin; hormigoizko oinarri baten gainean zegoen, burdinaz forjatuta.
Oraingoz ez dago informazio gehiago ekintzaren inguruan, eta ez dira ustezko sabotajearen arrazoiak ezagutzen. Azken urteetan frankismoarekin lotutako hainbat gurutzeren aurkako ekintzak egin dira Euskal Herrian; hala ere, gurutze honek jatorri erlijiosoa duen arren, ez du frankismoarekin lotura zuzenik.
Ordu gutxi batzuetara, Zuiako bizilagun talde batek bere jatorrizko kokalekura igo du gurutzea, poleen eta lur orotako ibilgailuen laguntzarekin.
Ganaltoko lehen gurutzea 1900ean jarri zen, eta egurrezkoa zen. 1954an, Manuel Iradier Txangozale Elkarteak metalezko gurutze bat eraikitzeko eskatu zien Elejalde anaiei. Gaur egungo gurutzea Iñaki Elejalderena da, eta 2003an jarri zuten. Hemeretzi urte beranduago agertu da eraitsita.
‼️🗻
— Gasteiz Hoy (@gasteizhoy) June 28, 2022
Derriban la Cruz de Ganalto, mítica cumbre de la Sierra de Badaia https://t.co/D0o8mugFXH