Atzo goizaldean, Gasteiz Hoy hedabideak argitaratu zuenez, ezezagunek Badaia mendilerroan kokatutako Ganalto mendiko (898 metro) gurutzea eraitsi zuten, eta hainbat mendizalek bere ohiko kokalekutik metro batzuetara topatu zuten goizean zehar. Antza denez, gurutzea lau hanketatik moztu zuten erreminta bereziekin; hormigoizko oinarri baten gainean zegoen, burdinaz forjatuta.
Oraingoz ez dago informazio gehiago ekintzaren inguruan, eta ez dira ustezko sabotajearen arrazoiak ezagutzen. Azken urteetan frankismoarekin lotutako hainbat gurutzeren aurkako ekintzak egin dira Euskal Herrian; hala ere, gurutze honek jatorri erlijiosoa duen arren, ez du frankismoarekin lotura zuzenik.
Ordu gutxi batzuetara, Zuiako bizilagun talde batek bere jatorrizko kokalekura igo du gurutzea, poleen eta lur orotako ibilgailuen laguntzarekin. Hala ere, hormigoizko oinarrira soldatu beharko dute berriz ere; oraingoz, tontorrean etzanda dago.
Irudiak helarazteko ALEArekin harremanetan jarri den bizilagunaren arabera, "Ganaltoko gurutzearena ez da besterik gabeko ekintza bat izan; orain arte dakigunez, Zaldiaran eta Bustoko postontziak ere desagertu dira, baita Apodakako gurutzea ere".
Badaia mendilerroan, Gasteiz eta Gorbeialdea artean, Zuia udalerriko lurretan dagoen Ganaltoko lehen gurutzea 1900ean jarri zen, eta egurrezkoa zen. 1954an, Manuel Iradier Txangozale Elkarteak metalezko gurutze bat eraikitzeko eskatu zien Elejalde anaiei. Gaur egungo gurutzea Iñaki Elejalderena da, eta 2003an jarri zuten. Hemeretzi urte beranduago agertu da eraitsita.
ARGAZKIAK eta BIDEOA: Whatsapp bidez jasota.