Legutioko Desjabetuon Hotela bihar desalojatuko dute

Erredakzioa 2022ko eka. 27a, 11:30
Desjabetuon Hotela defendatzeko egitarauari ekin zioten igandean. / Argazkia: @Desjabetuon

Astearte honetarako espero dute Legutioko Desjabetuon Hotela Zentro Sozialistaren desalojoa. Espazioa defendatzeko dei egin eta hiru eguneko egitaraua antolatu dute, igandetik hasita.

2019an, hamabost urte lehenago eraiki eta orduz geroztik hutsik izandako Legutioko Hotela okupatu eta Desjabetuon Hotela sortu zuen Legutioko Mugimendu Sozialistak.

Azken bi urte eta erdian, herriko gazteen zein Mugimendu Sozialistaren dinamika kultural, sozial eta politikoak garatzeko Zentro Sozialista izan da, "diru iturri publiko zein pribatuen faltan"; besteak beste, ikasteko gela bat eta janaria lortzeko zailtasunak dituzten familientzako elikagaien banku bat jarri dituzte martxan. Halaber, Euskal Herri mailako Erraki Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sarearen parte izan da ere.

Ia hasieratik, okupatutako espazioa desalojo arriskuan izan da. Hala ere, joan den ostiralean beren sare sozialetan jakinarazi zutenez, astearte honetan, ekainaren 28an, Desjabetuon Hotela utzarazteko agindua gauzatuko dute.

Horren aurrean, igandetik asteartera bitarteko egitaraua antolatu dute, espazioa defendatzeko asmoz: igandean, ekimena, ekitaldia, afaria eta Irati eta Eiderren kontzertu akustikoa egin zituzten; astelehen honetan, berriz, gosaria, hitzaldia, bazkaria, Ondarru Crew eta Bake Faltsua taldeen kontzertuak eta afaria egingo dituzte.

Bihar, asteartean, desalojoaren aurretik, gosaria egingo dute 09:00etan. Ondoren, Zentro Sozialistaren desalojoari aurre egin eta espazioa babesteko deia zabaldu dute. "Espazioen gaineko kontrola ezinbestekoa da lan politikoa egiteko; horregatik, Zentro Sozialistak defendatzeko deia egiten dugu".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide