Bidelapurren mamuari tiraka

Juanma Gallego 2022ko ots. 6a, 06:00

Inor gutxi beldurtzen da orain zuhaitz artean lainoa sartzen denean. Gauzak ez dira beti hala izan. ALEA

XVIII. mendean Euskal Herriko mendi eta basoak bidelapurrez beteta egon ziren. Arabaren kasuan, Los Granizo izeneko bandak ospe berezia hartu zuen, Altube eta Gorbeia inguruetan egiten zituzten lapurreta eta xantaiengatik. Orain, Aketza Merino historialariak mitoa eta errealitatea bereizi ditu liburu batean. 

Francisco Otxoa de Eriberen azken meza 1869ko uztailaren 24an izan zen. Goizean goizeko liturgia izan zen Zuiako Oroko santutegian eman zuena. Meza hori bukatzean, granizotarren taldeko gaizkileek Oroko apaiza hil zuten, tiroz. Otxoa de Eriberekin batera zegoen Miguel de Elejalde sakristaua tenpluaren barruan ezkutatu behar izan zen, eta oihuka hasi zen. Aperregi herriko laborari batzuek entzun zituzten oihu horiek, baina, iritsi zirenerako, apaiza hilda zegoen.  

Julian Olabarriaren El Valle de Zuya liburuan jasotzen den gertakaria da. Beste gauza askoren artean, Olabarriak liburu horretan bildu zituen Oroko Santutegiaren ardura izan zuten apaizen izenak; gehienetan izena baino aipatzen ez bada ere, Otxoa de Eriberen kasua guztiz berezia izan zen, krimen entzutetsu baten biktima izan zelako. Olabarriak xehetasun gehiago eman zituen. Granizotarrak "oso ezagunak" omen ziren inguruetan, egiten zituzten "lapurreta eta krimenak" zirela eta. Olabarriaren esanetan, Oroko santutegiaren kasuan, krimenaren arrazoia izan zen apaizak ez ziola amore eman granizotarrek egindako xantaiari. Esana zioten puntu zehatz batean diru kopuru bat beraientzat uzteko, baina apaizak ez zuen egin. 

Olabarriaren liburuan ez ezik, gutxienez beste bi artikulutan jaso da granizotarren gaineko kontu hau. Urtume aldizkariko 2007ko zenbakian jaso zuen istorioa Fernando Bartolome arte historialariak, eta Gorbeia, paisajes y leyendas liburuan ere Carlos Ortiz de Zaratek gaizkile horien berri eman zuen. Olabarriaren aipamenean ez ezik, lan horiek, hein handi batean, ahozko historian oinarritu dira. Hots, belaunaldiz belaunaldi igaro diren kontakizunetan.

Horietan marrazten den agertokia ez da gozoa. Horren arabera, 1868. eta 1869. urteen inguruan, granizotarren bandak Zuiako Harana eta Altube inguruak beldurraren pean mantendu zituen, bidelapur krudelak zirelako. Beren ikazkin ogibidearen miseriaz ahituta, bide lapurretan hasi ziren. Halakoetan izan ohi den moduan, apurka egin zuten gora negozio kriminalean: bideetatik zihoazen mandazainei janaria eskatzen zieten hasieran; baina, denboraren poderioz, haien mehatxu eta lapurretek indar gehiago hartu zuten.

Mehatxu horietan, xantaiak gero eta ugariagoak bihurtu ziren. Antza, haien emazteak edo gertuko ezagunak erabiltzen zituzten mezuak bideratzeko. Diru kopuru bat nonbait utzi ezean, arazoak izango zituzten. Amore ematen ez zutenen kasuan, beren etxeak erasotzen zituzten. Eta hala gertatu omen zen behin baino gehiagotan. Adibidez, Bartolomek jasotako ahozko testigantzen arabera, Zigoitian baserri bat eraso egin zuten. Eraso horren aurrean zenbait bizilagunek adorea bildu zuten granizotarren aurka egiteko, baina, tiroketa baten ostean, gaizkileek alde egitea lortu zuten. Antzeko norabidean doazen beste zenbait kontakizun ere daude horren harira: zauriak edukita ere, ihes egiteko moldatzen ziren.

Historiaren eta tradizioaren artean kulunkatzen diren bestelako pasarteak badira ere. Horietako batek haien aterpeari egiten dio erreferentzia. Ziotenez, ezkutatzeko, Andatoleta menditik gertu zegoen haitzulo batean hartzen zuten aterpe, eta, tradizioaren arabera, behar izanez gero, bertatik alde egiteko aterabide bat baino gehiago zituzten.  

Zaila da halakoetan errealitatea eta mitoa bereiztea. Honetan guztian argi pixka bat gehiago eman nahian, garaiko agirietara jo du Aketza Merino historialari amurrioarrak, eta atera dituen emaitzak Los Granizo y otros bandidos del Gorbea izeneko liburuan jaso ditu. Aitortu duenez, istorioa Olabarriaren liburuaren bidez ezagutu zuen, eta Baranbio inguruko adinekoei ere gaiaren bueltan zerbait entzuna zien. "Baina egun batean epaiketa batzuei buruzko zenbait espediente aurkitu nituen artxiboetan, eta konturatu nintzen granizotarrei buruzkoak zirela". 

Handik abiatuta, istorio horretan sakontzea erabaki zuen; ahal zela, mitoa eta errealitatea desberdinduz. Ezusteko asko aurkitu zituen. Historialariaren esanetan, "ahozko tradizioan badira benetako elementu batzuk. Beste batzuk agian gezurrezkoak izango dira, edo egi abiapuntu bat dutenak baina gero handitu egin direnak".

Orozkoko erasoa

Merinok dioenez, teknikoki granizotarrak ez ziren bidelapurrak. Izan ere, eta agirietan agertzen denari jarraiki bederen, Orozkoko baserri bat baino ez zuten eraso egin. "Handik gutxira, harrapatu zituzten, eta kartzelan sartu zituzten. Baina gero, karlistaldiak etorri ziren, eta anabasa horretan batzuek kartzelatik ihes egitea lortu zuten. Ondoren, badirudi Gorbeia eta Altube inguruetan ibili zirela. Baina azken garai honen inguruan ia-ia ez dago daturik".

Beraz, agiri historikoetara jotzen denean, soilik eraso hori leporatzen zaio gaizkile bandari. Jazotakoa, halere, nahiko ikusgarria izan zen. "Baserriaren jabea teilatura igo behar izan zen, eta ia-ia hotzak akabatu zuen. Kontakizunetan aipatzen da jabeak Francisco Ibarrondo izena zuela. Berez, Gabriel Olabarria zuen izena, eta Ibarrondo hori baserri horren ondorengo jabe bat izan zen. Hau da, gauzak nahastuta agertzen dira, baina egia da ere kontakizunaren oinarrian egia kutsu bat badagoela".

Bada, gauzak horrela izanda, baliteke benetan modu sakabanatuan gertatu ziren gauza pila granizotarrei egotzi izana? "Baliteke, bai", onartu du historialariak. Halako prozesuak ohikoak direla azaldu du. "XVIII. mendetik lapurretak nahiko ohikoak zirela zioten albisteak badaude. Seguruenera, horiek guztiak nahasten joan dira herrietako jendearen buruetan". 

Merinok nabarmendu duenez, bidelapurren inguruko tradizio luzea dago Euskal Herrian, eta horrek jendearengan nolabaiteko aldarte bat sortu zuen haiei buruz. "Azkenean, herrikoek den-dena granizotarrei egotzi zieten". Bandaren izenean bertan ere badago zeresanik. "Granizo deitutakoa bandako kide bat izan zen, baina ez zen taldeko burua. Ez dakigu zergatik egotzi zitzaion ezizen hori banda osoari".

Merinok aurkitu dituen ezustekoen artean, bandako kideen familiari dagokiona da agian ikusgarriena. "Haien aita batzuk, horiek  bai izan ziren bidelapurrak, eta ibilbide askoz luzeagoa izan zuten, gainera".

Giro nahasia

Garai horretan zegoen testuingurua aintzat hartu behar da fenomenoa ulertzeko. "XVI. mendetik aurrera Altube inguruetan bidelapurrak zeuden, baina gauza bera gertatzen zen Aizkorrin edo Arlabanen, esaterako". Historialariak nabarmendu duenez, garai hartan apenas zegoen baserririk inguru horietan. Bide luzeak ziren, gehienetan baso artekoak, eta tarte zabal horietan zaintza gutxi zegoen. Horregatik, leku ezin aproposagoak ziren lapurretak egiteko. 

Fenomenoaren agerpena ulertzeko, kontuan hartu behar da ere frantsesen aurkako gerran zein karlistaldietan mendira jo zuten lagun asko egon zirela. Zenbait kasutan, arerioari eraso egiten zion gerrillari izatetik bidelapur bihurtzerainoko muga lausoa izan zitekeen. Denborarekin, baina, iritsi zen modu berean, jardun kriminal hori desagertzen joan zen. Justizia eta zaintza sendotu zirenean, horrelako lapurretak egitea zailagoa bihurtu zen. "Lapurreta eta krimen asko egiten ziren joan den mendeko lehen hamarkadetan, baina ez horrenbeste bideetan. Izan ere, zaintza gehiago zegoen bertan, eta zigorrak ere askoz gogorragoak bihurtu ziren".

"Tradizioan badira benetako elementu batzuk; beste batzuk agian gezurrezkoak izan ziren". AKETZA MERINO

Granizotarren bandari dagokionez, haien amaierari buruzko kontakizuna da batere sostengatzen ez dena. Izan ere, tradizioaren arabera, Oroko apaiza hiltzeagatik heriotzara kondenatu zuten, bereziki krudela zen metodo baten bitartez: tanta hotza izenekoa. Horren arabera, berun beroa botatzen zioten buruan kondenatuari, izugarrizko mina sortarazita. Historialariak aitortu du ez dakiela heriotza zigor hori erabiltzen ote zen, baina normaleena zela garrote bidezko heriotza eragitea –urkaren aldaera bat–. Krimenaren historia lantzen duen Clío & Crimen aldizkariko arduradun Iñaki Bazan historialariak ere ez du inoiz izan exekuzio mota horren berri gurean.

Krimenari berari dagokionez, Merinok argi du granizotarrak ez zirela izan hilketa horren arduradunak. "Epaiketan ez da ezer aipatzen egileen izenei buruz, baina datak ez datoz bat. Hortaz, hilketa hori gertatu zen, baina ez zuten egin granizotarrek". Xantaiei dagokienez ere, historialariak uste du "asmatutako zerbait" izango zela. "Baliteke noizbait horrelako zerbait gertatu izana, baina agirietan ez dut portaera horren berririk izan, ez granizotarren artean ez beste inon". 

Kontuak balio du bederen gaurko bizimoduen abantailez jabetzeko. Inor gutxi beldurtzen da gaur egun igande bateko ibilaldi lasaian zuhaitz artean lainoa sartzen denean. Are, argazki kamera ateratzea izango da lehen erreakzioa. Baina duela ez horrenbeste, gauzak guztiz desberdinak izan ziren, erru osoa granizotarrena izan ez bazen ere. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago