“Arbasoak gurera ekartzeko modua dira Gabonetako usadioak”

Juanma Gallego 2018ko abe. 25a, 06:00

Arabako ohitura eta tradizioak bildu ditu Carlos Ortiz de Zarate ikertzaileak. / ALEA

Usadio eta istorio ugari bildu ditu Carlos Ortiz de Zarate ikertzaileak Araban zehar, jakin-mina bete eta bizitzan aurkitu dituen hainbat galderei erantzuna aurkitzen saiatzeko. Horien artean, eguberrietako ohiturek berebiziko garrantzia dute: besteak beste, ahulduta dagoen mundu naturalaren berriztapena dakarte.

Leku batetik bestera ibilitakoa da Carlos Ortiz de Zarate (Domaikia, 1959), eta egon den toki guztietan aurkitu du jakin-mina piztu dion istoriorik. Kontakizun horiek hainbat artikulu eta liburutan jasotzeaz gain, lekuan lekuko usadioen azalpen bat aurkitzen saiatu dela dio. Zeregin horretan dabil oraindik.

Zerk eraman zintuen etnografiara?

Apaizak, hein handi batean, nomadak gara, eta niri leku askotan egotea egokitu zait: Artziniega, Legutio, Araia, Izarra, Langraiz… Behin leku berri batera iritsita, bertako tradizioak eta ohiturak ikusten dituzu, eta horrek interes bat sortzen dizu, halabeharrez. Bestetik, konturatu nintzen Bizkai eta Gipuzkoari buruz asko idatzita zegoela, eta baita Nafarroari buruz ere. Baina, Arabaren kasuan, oso ikerketa gutxi zegoen. Horregatik hasi nintzen usadio horiek jasotzen, Aunia, Askegi edo Urtume bezalako aldizkarietan.

Aunia desagertu da, baina Askegi eta Urtume mantentzen dira. Zaila al da horiek aurrera eramatea?

Zinez zaila da, baina, era berean, oso lan atsegingarria da. Iruña Okako Askegi aldizkarian lehen hastapenak egin genituen, oso modu xumean, eta dagoeneko 12 ale daramatzagu. Gero esperientzia hori Zuiara eraman genuen, Urtume sortuta. Horrek ere 12 ale bildu ditu jada.

Nolakoa da hau lortzeko egiten den landa lana?

Batez ere ahozko tradizioa bildu dugu. Apaiz izateagatik, jende askorengana iristeko abagunea izan dut, gure zeregin nagusia jendearekin egotea baita. Horri interes etnografikoa gehitzen badiozu, erraz ateratzen da kontua: nik ez ditut informazio horiek bilatu behar, eskura ditudalako. Agure bat baldin badator, galdetu egiten diot herrian hau edo bestea nola egiten zuten; horrek aukera ematen dizu istorioen ñabardura berriak jasotzeko. Edadetuei asko gustatzen zaie haurtzaroko garaia gogoraraztea, eta gogo handiz kontatzen dizute dena.

Apaizek informatzailearen konfiantza aurretik irabazita duzue, beraz…

Bai, baina gu, batez ere, ikasle gara, eta beraiek irakasle. Adibidez, Kuartangon zortzi urtez egon nintzen apaiz, eta bertan Caritaseko hiru talde genituen. Hiru monitore ginen, eta bakoitzak talde horiekin lan egiteko modu bat zuen. Nik beti eskatzen nien istorioak kontatzea. Zoragarria zen Eguberriari buruz edo Aste Santuari buruz gauzak ikastea. Leporatzen zidaten beti koadernoarekin ibiltzen nintzela; baina, gero, haiek kontatutako istorioak biltzen dituen liburua argitaratu nuenean, poz-pozik jarri ziren, ikusten zutelako informazio hori guztia jada ez zela galduko.

Kuartangori buruzko liburua aipatu duzu, baina beste hainbat liburu idatzi dituzu ere…

Bai, eta liburu horietako bakoitzak bere izaera propioa du. Ihauteriei buruzko liburuaz gain, Gorbeiari eta Erriberagoitiari buruzko liburuak idatzi ditut. Azken honen kasuan, herrian aldizkari bat ateratzen zuten, baina gero egitasmoa agortu egin zen, idazteko prest zegoen jenderik aurkitzen ez zutelako. Udalari proposatu nion kondairak liburu batean jasotzea, baina horien inguruan zegoen testuingurua ere bildu nahi izan nuen. Liburua osatzeko agiri asko topatu nituen, tartean, altxor txiki bat ere.

Zein altxor zen hori?

Liburuan lanean ari nintzela, agure batek esan zidan ganbaran paper pila bat zuela bilduta, eta egun batean sutan bukatuko zirela. Plastikozko zaku bat erakutsi zidan, agiriz beterikoa. Zur eta lur geratu nintzen: agiri horien artean, batek jasotzen zituen inbasio napoleonikoak eskualdean izan zituen ondorioak. Bertan zioten, besteak beste, herritarrek zerga pila bat nozitu behar zutela, eta batzuk mendira alde egiteko zorian izan zirela. Hau bezalako material asko egon behar da oraindik esku pribatuetan.

Ikertzailearen rola alde batera utzita, nola oroitzen dituzu haurtzaroko eguberriak?

Maitasun askorekin, familia giroko egunak zirelako. Zentzu erlijiosoa alde batera uzten baduzu, egun hauetan familia baino ez da geratzen, eta hori kenduta ere, akabo. Baina festa hau modu egokian bizi duten familien kasuan, guztiz zoragarria da, eguberriak elkartzeko gune bat bihurtzen direlako. Bestalde, fantasiaz betetako mundu bat sortzen da, ametsak posible egiten direnekoa. Munstroak eta pertsonaia bereziak agertzen dira. Horietako bat da, adibidez, begi asko dituen gizona. Araban, ia leku guztietan lokalizatuta daukat pertsonaia hori. Ume txikiei zera esaten zieten: urteak dituen egunak baino begi gehiago dituen gizona iritsi behar zela herrira. Agure batek kontatu zidan hori entzutean bus geltokira joan zela, eta hor geratu zela itxaroten bizpahiru orduz. Herrira norbait iristekotan, busean etorri behar zelako, noski!

Beldurgarria ote da hori, koko baten antzekoa?

Ez, ez da berez gaiztoa, bitxia baizik. Egutegiari lotutako munstroa dela esango nuke, urtearen adierazlea edo. Beste leku askotan ere bada antzekorik. Katalunian, adibidez, begiak beharrean, sudurrak ditu.

Zure ustez, zein izango litzateke eguberrietako usadiorik adierazgarriena?

Gabonetako enborra dela esango nuke. Baina ez gure artean bakarrik, Europa osoan baizik. Baserriko sukaldean enbor bat sartzen zuten Gabon-gauean, eta gutxienez Gabon zahar gauera arte mantentzen zuten sua piztuta. Gero, ura botatzen zioten, eta ateratzen zen lurruna etxe osoan zehar barreiatzen zuten. Behin itzalita ere gordetzen zuten enborra, eta, herri batzuetan, urtean zehar erabiltzen zuten; adibidez, ekaitzak uxatzeko. Erre-pui-errea ere nabarmenduko nuke, batez ere Lautadan: Gabon zaharrean ardo zahagi zahar bat erretzen zuten, eta gero herrian zehar eramaten zuten, purifikazio elementu bezala.

Halako usadioek zer adierazi nahi dute sakonean?

Konbentzituta nago erritu hauek gehienetan naturaren izpiritua adierazten dutela. Jadanik ahulduta dagoenaren erakusle dira, urte berriarekin batera berriztu beharra dagoenaren seinale. Askotan esaten da, adibidez, erretzen diren lastozko gizakiak gaiztoak direla, baina ez da horrela, ez dira pertsonaia gaiztoak. Berez, desagertu behar dira ahulduta daudelako, eta aro berri bati tokia utzi behar diotelako.

Ogia ere babesletzat hartu izan da Gabonetan, ezta?

Bai. Gabon-gaueko afarian, ogi puska bat hartzen zen, eta mahai-zapiaren azpian mantentzen zen. Urtean zehar gorde egiten zen, eta amorrua zuten txakurrei ematen zioten, adibidez. Urtearen zikloa amaituta, leku batzuetan, ogi horrekin zopa egiten zuten, eta etxeko guztiok jaten zuten.

Tradizio hauek jarraipena izango al dute? Ba al dute zentzurik?

Baietz esango nuke. Behin batean, San Juan egunean, Altsasun ikusi nuen ateetan iratzea botata zutela, eta Aramaion ere ikusita daukat. Horrek zer edo zer adierazten du. Nire ustez, jendea hainbat ohitura berreskuratzen ari da, seguruenera identitatea mantentzeko, mundu globalizatu baten kontrapuntu bezala. Kanpotik datozen usadioak xurgatzeko joera dago ere, baina, aldi berean, herri bakoitzaren nortasuna mantentzeko modua da, haizeak eramaten duen luma ez bihurtzeko. Bestalde, arbasoak gogoan izateko modua da ere. Eguberrietan amonak ardo beroa egiten bazuen, ohitura hori berreskuratzea amona omentzeko modua izan daiteke.

Erantzunak aurkitu al dituzu landa lanean?

Horien bila ari naiz beti. Kontua ez da da soilik datu etnografikoak hartzea, atzean dagoena azaltzen saiatzea baizik. Imajinatu apaiza zarela, eta, herri batera iritsita, esaten dizutela: “Santuaren garezurraren barrutik ura igaro behar duzu. Ur hori santutzat hartzen da”. Eta zuk, noski, hasiera batean ezetz diozu, badakizulako hori erritu paganoa dela. Baina, halere, egin behar duzu, bestela ia-ia harriak botako dizkizute eta. Honekin esan nahi dut tradizioak pisu handia duela, eta askotan ezin daiteke joan horien aurka. Beste behin, herriko jaietan, soroen bedeinkapena egin behar zen. Badakizu: iparraldea, mendebaldea, hegoaldea eta ekialdea. Nik horri ez nion zentzu gehiegirik ikusten, eta proposamen bat egin nien herrikoei. “Ea, hemen gaudenon artean, dagoeneko inor ez da bizi nekazaritzaz, eta agian hobe da Jainkoak gu bedeinkatzea, soroak beharrean”. Halako bedeinkapen bat inprobisatu nuen momentuan. Baina, bukatzean, herriko lagun bat gerturatu zitzaidan eta zera esan zidan: "Tira, Carlos, hau guztia oso ondo dago, baina, arren, badaezpada ere, bedeinkatu itzazu soroak ere!".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago