Martxoko inputatuen aldeko elkarretaratzea deitu dute Legution

Erredakzioa 2021ko urr. 14a, 07:56

Inputatuen alde egindako beste elkarretaratze bat. ALEA

Urriaren 20an deklaratuko dute hiru inputatuek.

Berriak daude martxoaren 19an Legution izandako gertakarien inguruan. Urriaren 2oan deklaratuko dute hiru inputatuek eta lagun horiei elkartasuna helarazteko elkarretaratzea antolatu dute iganderako, hilak 17, 13:00etan, plazan.

Herriko kaleetatik egunotan zabaldutako ohar batean azaldu dute irailaren 9an "muntai-polizialean" parte hartu zuten ertzainek deklaratu zutela eta, "espero bezala, gezurrak esan" zituztela. "Erasoaren sortzaile" izatea leporatzen dioten ikertutakoaren inguruan, "berarekin bat ez datorren deskribapen fisikoa" eskaini dutela salatu eta honakoa gaineratu dute: "Ez da arraroa, denok dakigulako etxean zegoela egun horretan".

Istiluetan bertan atxilotutakoari, berriz, agintaritzaren aurkako atentatua, erresistentzia eta desordena publikoak egozten dizkiotela aipatu dute oharrean. Horrekin lotuta, arbuiatu dute atxilotu zuen ertzainak lesioen mediku-txosten "faltsua" aurkeztu duela: "Atxilotuak ez zuen inongo momentuan ertzainari eraso egin. Jakina denez, ez zuen atxiloketaren aurka egin eta ez zen desordena publikorik egon. Honako guztia ikusizko materialen bitartez dokumentatuta dago".

Hirugarren ikertuari agintaritzaren aurkako atentatua leporatzen diotela aipatzen da oharrean: "Lantokian jakinarazi eta hertsatzen dute, ostalariek Legutioko Udaleko osoko bilkuran komunikatua aurkeztu eta jarraian".

Asteazkenean, hilak 20, hirurek beren errugabetasuna defendatu beharko dutela nabarmendu dute, "akusazio faltsuen, existitzen ez diren delituen eta Ertzaintzaren muntaiaren aurrean". Egoera horren aurrean, "bakarrik ez daudela" jakinarazteko deitu dute igandeko elkarretaratzea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago