Atzo Legution gertatutakoa salatzeko elkarretaratzea deitu dute

Erredakzioa 2021ko mar. 20a, 08:08

Legutioko plazan gertatu zen istilua. DESJABETUON HOTELA

Iluntzean, istiluak izan ziren eta Ertzaintzak bi lagun identifikatu eta horietako bat atxilotu zuen.

Legutioko Desjabetuen Hotela taldetik azaldutakoaren arabera, 20:00ak pasata, kalean zegoen jendea etxeratzeko asmoz zegoela, Ertzaintza agertu zen Komertzio kalean: "Bertan zegoen jendearekin eztabaidan hasi da patruila, megafonotik isunekin mehatxatu ostean. Bildutako batzuk etxeratzen hasiak ziren arren, patruila beste aldeko sarbidera mugitu da eta bertan jarraitu du eztabaidak. Orduan  18 patruila heldu dira, eta bertan zeuden 30 lagun inguratu dituzte plazan. Bi pertsona identifikatu eta horietako bat atxilo eraman dute", aipatu dute gazteek.

Adierazpen horiekin Ertzaintzak kaleratutako bertsioa "faltsua" salatu nahi izan dute. Ertzaintzak prentsa ohar batean azaldutakoaren arabera, gazte legutioarra atxilotu dute megafoniaz tabernak ixteko eskatu zuten bi ertzaini eraso egiteagatik: "Ertzainek gaztea menderatu behar izan dute eta, ondoren, atxilotu egin dute. Une horretan, beste pertsona batzuk ertzainen aurka oldartu dira, eta baten batek kolpe bat jaso du. Beste erasotzaile batzuek ihes egin dute, atxilotzea saihesteko".

Desjabetuon Hotelekoek atxiloketa eta esku-hartzea "gogor" salatu dute, "salbuespen neurri politikoek indar polizialei emandako inpunitateari esker eman direnak". Atxilotuaren "berehalako" askatasuna exijitu dute eta "elkartasun osoa" adierazi.

Gertatutakoa salatzeko elkarretaratzea deitu dute gaur, larunbata, Legutioko plazan, 12:30ean.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago