Legutioko ostalaritza osatzen duten Amalur, Axuri eta Urkiola tabernak eta Dovela eta Esneitza jatetxeak haserre daude martxoaren 19an gertatutakoaren ondotik hainbat komunikabidetan agertutako "adierazpen faltsuekin", eta guztia argitzeko asmoz, komunikatu bateratu bat argitaratu nahi izan dute.
Gogorarazi dute egun horretan, 20:00etan, ostalaritzak bere ateak itxi ostean, herriko kale nagusian dauden hiru tabernetako bezeroak elkartu zirela: "Bezeroak etxeratzen hasiak zirela, Estatuko segurtasun indarren patruila bat, ohi bezala, agertu zen, baina oraingoan megafono bidez dagoeneko ezagutzen denaren berri ematen: jendearen pilatzea ekiditea".
Horrekin lotuta, azpimarratu dute "inoiz ez" dela arazorik egon jende pilaketarekin edo ordutegiekin, eta, orduan, pertsona batek "gure hizkuntzan, euskaraz, adieraztera gonbidatu zituen eta horrek haien frustrazioa piztu zuen", bertakoa ez den pertsona hori "fisikoki astintzera arte".
Horren aurrean, ostalariek azaldu dute herriko gazte batek, "bidegabeko eta neurrigabeko egoeraren bitartekari gisa", egoera baretzen saiatu zela: "Horrek bere atxiloketa eta gau oso bat polizia-etxean ematea ekarri zuen, ezagutzen ere egiten ez zuen pertsona baten izena eman ez zuelako", arbuiatu dute.
Hori guztia dela eta, honakoa azpimarratu nahi izan dute: "Legutio guztiz hartu zuten 20 bat patrolek, justizia eragotzi eta hura erasotzea leporatzen zien pertsona bat atxilotzeko; ostalaritza osoa nazkatuta gaude eskubide urraketa honekin eta udalerri guztiaren estigmatizazioarekin".
Komunikatua kaleratzeaz gain, Udalean ere aurkeztu dute.