Agaleus taldeko Sader enpresa kutsagarria Goiainen jartzearen kontrako mobilizazio gehiago iragarri ditu Legution sortu berri den herri plataformak. Uztailaren 25ean, Santiago egunean, egin dute hitzordua, eguerdian, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan.
Ez da antolatu duten protesta bakarra. Uztailaren 8an beste elkarretaratze bat egin zuten Legutioko udaletxe parean; une berean enpresak batzar informatiboa zuen udalerriko Udaleko eta administrazio batzarreko ordezkariekin.
Ageleus taldeak Icoa enpresa zenak Txabolapean dituen instalazioetan agertu du interesa. Plataformatik azaldu dutenez, Legutiora "teorikoki" etorriko litzatekeen enpresak Profersa - Producción de Fertilizantes S.A.- du izena; hondakinen kudeaketaz arduratzen den Sader enpresarekin batera lursaila partekatzen du Zorrotzaurren (Bizkaia).
Herritarren kezka
Plataforma beldur da etorkizunean Sader ere jarriko ote duten bertan: "Enpresaren hasierako planteamendua erraza izan zen. Profersaren jarduera Icoaren instalazioetara eraman nahi dute, besterik ez. Hala ere, oraindik ez dute Saderrerako behin betiko kokalekurik. Erosten dituzten instalazioek egungoak bikoiztuko dituzte. Gure zalantza da beren jarduera handitzeko asmoa izango ote duten, urtegitik 100 metro eskasera", azpimarratu du. Gogorarazi dute Zierbenan (Bizkaia) instalatzen saiatu direla, baina ezin izan dutela, "portu eta itsasotik gertu dagoelako eta inguruan kolektorerik ez dagoelako. Gure kasuan, Euskadi erdia hornitzen duten urtegietatik gertu egoteak ere oztopo gaindiezina izan beharko luke", adierazi du.
Gaineratu du uztailaren 8an egindako bilkuran, proiektuaren "alde onak" azaldu zituztela Agaleus taldeko ordezkariek; tartean, datorren hamarkadan aurre-erretiroak egon daitezkeela eta, horren ondorioz, 10 bat lanpostu sor ditzakeela aipatu zuten batzar informatiboan.
Udalerrian, 12 enpresa kutsagarriak
Herri plataformak, baina, argi du: "Ez gaude horrelako enpresa gehiago onartzeko prest. Legutioko udalerriak jarduera oso kutsatzailea duten enpresa gehiegi ditu. Goiainen ingurumen-baimen integratua duten 12 enpresa daude". Horrekin lotuta, azterlan epidemiologikorik egiteko asmorik ez ote dagoen galdegin du plataformak, "argi dagoelako gizakiak metal astunekin duen kontaktuaren eta osasun arazoen arteko erlazioa".