Hain justu ere, Icoa enpresa zenak Txabolapean dituen instalazioetan agertu omen du interesa esandako enpresak.
Aukera horren aurrean, herri plataforma bat sortu dute eta enpresaren asmoen berri ematen duen esku-orriak banatu dituzte etxez etxe. Horrez gain, sinadurak batzen hasi dira. Bihar, asteartea, arte sinatu daiteke udalerriko administrazio batzarretan eta baita interneten ere, Change.org plataforman.
Plataformatik azaldu dute Sader enpresak "osasunerako hondakin industrial arriskutsuak eta ez arriskutsuak" kudeatzen dituela, eta Jaurlaritzak ingurumen baimen integratua behar duen IBI enpresa bezala katalogatuta duela.
Gaineratu dute enpresa Bilboko Zorrotzaurre auzoan zegoela, baina handik alde egin behar dutela bi arrazoiengatik: "Batetik, Zorrotzaurreko penintsularen berregituraketa berria dago; gune erabat industriala izatetik, Bilbon gehien hazten ari den bizitegi-auzoetako bat izatera igaro da ingurune hori. Bigarrenik, auzoaren beraren eta inguruko auzoen kexa eta salaketa etengabeak daude, azken urteotan enpresa horretatik sortzen diren ke, bibrazio eta usain txarrengatik".
Baserritik 30 metrora
Hasiera batean, instalazioak Zierbenara eramatea zen asmoa. Baina, plataformatik adierazitakoaren arabera, bertako Udalak uko egin zion aukera horri, eta ondorioz, enpresak Legutiora jo omen du orain. "Lekualdatzeko asmoa duten eremua hurbilen dauden etxeetatik 30 metrora dago, Santa Engrazia urtegitik 100 metro eskasera; eta Albiña eta Uribarri Ganboako urtegietatik lerro zuzenean bi kilometrora. Denok dakigun bezala, Araba eta Bizkaia edateko urez hornitzen dituzten urtegiak dira horiek. Gorbeiako Parke Naturalaren mugen barruan ere badago", gogorarazi dute plataformatik.
Horrekin batera, gaineratu dute Goiain eta Lladie industria guneetan hondakinak kudeatzen dituzten eta kutsakorrak diren bestelako enpresak ere badaudela gaur egun. Horregatik guztiagatik, mota horretako enpresak udalerrian jartzearen aurka agertu dira herritarrak.