Sader enpresa kutsagarria Goiainen jartzearen kontra mobilizatu dira Legution

Erredakzioa 2020ko uzt. 9a, 13:14

Elkarretaratzea egin dute asteazken honetan Legution, Agaleus taldeko Sader enpresaren jarduera Goiainen jartzeko asmoaren aurka. Une berean enpresak batzar informatiboa zuen Legutioko Udaleko eta administrazio batzarreko ordezkariekin.

Elkarretaratzea 17:30ean zegoen deituta, Agaleus taldeko ordezkariak Legutioko Udalarekin eta udalerriko batzar administratiboekin bilkura zuen ordu berean. Bi ordu inguru iraun zuen batzarrean, udalerrirako duen "proiektu izarra" aurkeztu zuen enpresak.

Amaitutakoan, enpresaren asmoaren kontra sortutako herri plataformako bozeramaile Iñaki Abasolok batzarrak emandakoa azaldu zien kalean jarraitzen zuten legutioarrei.

 

Proiektu "oso kutsagarria"

Hain justu ere, Icoa enpresa zenak Txabolapean dituen instalazioetan agertu omen du interesa aipatutako enpresak. Aukera horren aurrean, herri plataforma bat sortu dute, eta enpresaren asmoen berri ematen duen esku-orriak banatu dituzte etxez etxe.

Horrez gain, sinadurak batzen hasi dira, eta, orain arte, 500 sinadura inguru jaso dituzte proiektuaren aurka.

Plataformatik azaldu dute Sader enpresak "osasunerako hondakin industrial arriskutsuak eta ez arriskutsuak" kudeatzen dituela, eta Jaurlaritzak ingurumen baimen integratua behar duen IBI enpresa bezala katalogatuta duela.

Gaineratu dute enpresa Bilboko Zorrotzaurre auzoan zegoela, baina handik alde egin behar izan dutela bi arrazoirengatik: "Batetik, Zorrotzaurreko penintsularen berregituraketa berria dago; gune erabat industriala izatetik, Bilbon gehien hazten ari den bizitegi-auzoetako bat izatera igaro da ingurune hori. Bigarrenik, auzoaren beraren eta inguruko auzoen kexa eta salaketa etengabeak daude, azken urteotan enpresa horretatik sortzen diren ke, bibrazio eta usain txarrengatik".

Baserritik 30 metrora

Hasiera batean, instalazioak Zierbenara eramatea zen asmoa. Baina, plataformatik adierazitakoaren arabera, bertako Udalak uko egin zion aukera horri, eta, ondorioz, enpresak Legutiora jo du orain.

"Lekualdatzeko asmoa duten eremua hurbilen dauden etxeetatik 30 metrora dago, Santa Engrazia urtegitik 100 metro eskasera; eta Albiña eta Uribarri Ganboako urtegietatik lerro zuzenean bi kilometrora. Denok dakigun bezala, Araba eta Bizkaia edateko urez hornitzen dituzten urtegiak dira horiek. Gorbeiako Parke Naturalaren mugen barruan ere badago", gogorarazi dute plataformatik.

Horrekin batera, gaineratu dute Goiain eta Lladie industria guneetan hondakinak kudeatzen dituzten eta kutsakorrak diren bestelako enpresak ere badaudela gaur egun. Horregatik guztiagatik, mota horretako enpresak udalerrian jartzearen aurka agertu dira herritarrak. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago