alea.eus

Zuiako Udalak salatu du 'Pauldarren' egitasmoan Jaurlaritzak engainatu duela

Erredakzioa 2018-10-15 11:01   Gizartea  Gorbeialdea  Zuia

Murgiako ikastetxe-konplexua egokitzeko proiektua gelditzearen aurrean mobilizazioak iragarri ditu Unai Gutierrez alkateak.

Zuiako Udalak salatu du 'Pauldarren' egitasmoan Jaurlaritzak engainatu duela
'Pauldarren' eraikina eraberritzeko konpromisoa hartu zuen Hezkuntza sailak. ALEA | Ikusi handiago | Argazki originala

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak konpromisoak ez dituela bete salatu du Zuiako Udalak, eta Pauldarren proiektua gelditu duela. Gainera, Hezkuntza saileko sailburuorde Olatz Garamendik eta bere lankide hurbilenek "engainatu" dutela adierazi du herriko alkate Unai Gutierrez Urkizak: "Behin eta berriro saiatu gara telefonoz harremanetan jartzen, baina ez gaituzte aintzat hartzen". Alkateak iragarri du Udalak berehalako erantzuna jasotzen ez badu mobilizazioetara joko duela, eta hainbat jarduera jarriko dituela martxan Hezkuntza sailari akordioak betetzea eskatzeko.

Alkateak azaldu duen bezala, orain dela bi urte Udalak Pauldarren eraikin zaharra erosi zuen, "ahalegin ekonomiko handiarekin eta Arabako Foru Aldundiaren laguntzari esker". Helburua zen bertara eramatea udalerriko Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako zikloak, eta gaur egun bertan eskaintzen den Bigarren Hezkuntzako zikloarekin, Zuiako heziketa-eskaintza publiko osoa leku berean batzea.

Operazioa aurrera eraman zen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailarekin landutako negoziazio "luze eta konplexu baten ondoren". Hala, alkatearen esanetan, 2016ko udaberrian Lakuako gobernuak eraikina egokitzeko lanak finantzatzeko hitza eman zuen. "Harrezkero, hainbat alditan irten da Zuiako udalbatza Garamendi sailburuordearen bulegotik promesak, epe zehatzak eta hitz onekin. Guzti-guztiak sistematikoki hautsiak". Aurten, Hezkuntza sailak proiektua egina izan beharko zukeen, eta lanen esleipen prozesua hasi. "Baina egin duen gauza bakarra izan da Zuiako herritarrak engainatzea eta irisgarritasun-minimoak betetzen ez dituen Oroko Ama Birjinaren Ikastetxean ikasleen egonaldia luzatzea".

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Izan zaitez ALEAkide.



Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa