Zuiako Udalak Pauldarren eraikina eta lurrak erosi ditu

Egilea: Fernando Garitagoitia

Zuiako Udalak dagoeneko erosi egin ditu Pauldarren ikastetxeko eraikina eta lursailak. Helburua da Oroko Andre Mariaren ikastetxea eta haurreskola bertan kokatzea.

Orain dela bi aste sinatu zuten alde biek kontratua. Operazioaren prezioa 1.650.000 eurokoa izan dela azaldu du Zuiako alkate Unai Gutierrezek. Asmoa da Oroko Andre Mariaren ikastetxea eta haurreskola bertara eramatea.

Aspalditik datorren auzia da hori; Zuiako herritarrek eta Udalak urteak daramatzate salatzen gaur egungo Oroko Andre Mariaren ikastetxeak ez dituela baldintzak bermatzen; leku faltari irisgarritasun arazoak gehitu behar zaizkio, beste askoren artean.

Arazo horren aurrean, Jaurlaritzak hala eskatuta, Udalak 1,6 milioiko kostua zuen lursaila erosi zuen, eraikin berria egin zezaten. Baina, 2012an, Jaurlaritzak jakinarazi zuen ez zuela ikastetxe berria eraikitzeko asmorik, eta egungoan hainbat berritze lan egingo zituela.

Eztabaidetan hiru urteko geldiunea izan ostean, Udalak ikastetxea egiteko kokaleku berria proposatu zion Jaurlaritzari. Honek baldintza bakarra eskatu zuen: lursaila Udalarena izatea.

Konpromisoa bete

Erosketaren inguruan honakoa esan du alkateak: "Oso akordio interesgarria izan da eta, dagoeneko, aipatutako eraikin eta lursail hauek erosteko sinatutako kontratu pribatuaren kopia igorri diogu Eusko Jaurlaritzari; gauzak horrela, Hezkuntza sailak bere egindako konpromisoa betez, eraikuntzaren birgaitzea premiaz inbertsioen plan estrategikoan sar dezan eta instalaziotan aipatutako eskolak ezar daitezen eskatzen dugu". Gaineratu du eskriturak irailean sinatuko direla, eta horrenbestez, sinatu eta berehalakoan, Jaurlaritzak egin beharreko berritze-proiektua egiteari ekin ahal izango diola.

Egun Pauldarren eraikinak Murgia institutua eta nekazaritzarekin lotutako ikasketak hartzen ditu. Horiek bertan mantentzea da asmoa.

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide