Haserre dago Zuiako Udala Pauldarren proiektuarekin Jaurlaritzako Hezkuntza sailak duen jarrerarekin. Azpimarratu du Udalak dagoeneko 1,6 milioi bideratu dituela eraikina eta lurrak erosteko; eta Jaurlaritzak, aldiz, oraindik ez duela Murgiako ikastetxe konplexua egokitzeko proiektua esleitu.
Unai Gutierrezek gidatzen duen erakundetik azaldu dute Hezkuntza sailaren informazio faltaren eta arduradunek kontaktuan jartzeko ezintasunaren aurrean, idatzi bat helarazi dutela, proiektuan emandako hitza betetzeko eskatuz.
"Esfortzu ekonomikoa"
Gogorarazi dute, iazko udazkenean, bi erakundeek hartutako akordioak aurreikusten zuela Udala derrigorrezko hezkuntza publikoaren eskaintza toki berean biltzeko azpiegiturak erosteaz arduratuko zela: "Zuiako Udalak esfortzu ekonomiko handia egin du, bere atala betetzeko. Bien bitartean, egun, ez dago inolako ziurtasunik sail horren konpromisoa ezelan ere bete denik", aipatu dute ohar batean.
Azken hilabeteotan hainbat bider deitu du alkateak Hezkuntza sailera, eta erantzunik ez duela jaso salatu dute. Horregatik, eskatu diote "berehalakoan" bete dezala Zuia udalerriarekiko bere egin zituen konpromisoak: "2009. urtean gertatu zena ekidinen bada", ohartarazi du Udalak.