"Ardiak mendian daudenean egunero igotzen gara, egunsentian"

Mirian Biteri 2018ko ira. 27a, 10:19

Paula Menoyo bezala, Zigoitiko Etxaguen herriko Belen Etxebarriaren etxean ere ardiak izan dituzte beti. Dagoeneko 24 urte pasa dira "amaren aholkuei jaramanonik" egin ez eta abeltzaintzan buru-belarri sartu zela. Iñaki Lopez senarrarekin batera darama ustiategia.


Aitarekin ikasi zenuen ogibidea...  

Bai, berak erakutsi zidan. Administrari lanak ikasi banituen, aitarekin ibiltzea gustuko nuen, eta bera barik, baina hor jarraitzen dut gaur egun ere. Behiak eta ardiak ditugu; azken hauek, 500 baino gehiago. Hasieran, gazta egiten hasi baginen ere, geroago esnea saltzen hasi ginen.

Nolakoa da zure eguna?

Garaiaren araberakoa izaten da. Azarora arte Gorbeian izaten ditugu, eta lasaiago ibiltzen gara; etxera jaitsi eta erditzerako prestatzen ditugu jarraian. Urtarrilean hasten da gogorrena: erditzeak, jetzialdia, edoskitzea, ukuiluak garbi mantentzea... Bost bat ordu egiten dugu lo sasoi horretan. Maiatza aldean, eguraldiak laguntzen badu, arkumeak izan ez dituzten ardiak igotzen ditugu mendira. Bildots guztiak kentzen ditugunerako uda da, eta orduan belarra egiten hasi behar zara, eta gainerako ardiak igotzen. Lehen, Santiago egunean amaitutzat ematen genuen kanpaina.

Eta orain?

Beranduago. Gure kasuan, genetika hobetzea helburu duen intseminazioagatik; horrek apur bat mugatzen gaitu. Ardiak sikatzen ditugunean Gorbeiara eramateko ohitura dugu, goraino; baina orain, intseminazioa dela eta, 15 egunetara jaitsi behar ditugu berriro. Horregatik, urtearen arabera, beranduago igotzen ditugu; abuztuaren erdialdean edo. Dena dela, modu naturalean ernaltzen diren ardiak ere baditugu, eta horientzako ahariak ere igo behar ditugu abuztuan.

Araban badago artzainik etxoletan?

Ez. Nire aitak harriz egindako etxola zuen, baina, gaur egun Araba aldean ez da inor geratzen. Dena dela, ia egunero igotzen gara, egunsentian, artaldea oraindik ere lasai dagoenean. Artzain bakoitzak bere ardiak bereizten ditu, elkar errespetatzen dugu.

Abere guztientzako tokia dago Gorbeian?

Goiko partean, gero eta abere gutxiago dago. Natura parkea dela eta, gero eta babestuago dago eta eremuak murrizten doaz; eta abererik ez badago, mendia itxi egiten da, sasiz betetzen da.

Ordezkoan pentsatzen hasita?

Bi seme ditugu eta Joseba txikiak gustuko du; Arkautiko nekazaritza eskolan ikasi du. Dena dela, aurretik aukera guztiak ezagutzeko esaten diot, begiak zabaltzeko. Guk, ezustekorik ez badago, honetan jarraituko dugu, eta ordua heltzen denean, hor egongo da.

Aurretik ezagutzeko gomendioa egiten diozu semeari. Damu zara zu hartutako erabakiaz?

Ez. Ez dut arazorik traktorean ibiltzeko edo ukuiluko lan-jantzia behin eta berriz jartzeko. 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide