"Etxe inguruko larreetan eta basoetan ditut artaldeak"

Mirian Biteri 2018ko ira. 27a, 10:14

Artalde artean eman du bizitza Sarrian jaio baino txikitatik Altuben (Zuia) bizi izan den Paula Menoyok (1947), aita artzaina zuen eta.

Zelatan artzaina?  

Txikitatik izan dut gustuko. Umea nintzela, eskolatik itzultzean, bildotsekin jolasten nuen, nire panpinak ziren. Gero, 16 urte nituenean, aita hil zitzaigun eta nik hartu nuen artaldearen ardura; anaia garraiolaria zen eta kanpoan ematen zuen denbora asko. Hasieran, dena dela, sei urte eman nituen ardiak zaintzen eta Murgiako Talleres Zuian. Ezkontzean, gizonak kanpoan lan egiten zuenez, ardiekin geratu nintzen. Egun, 230 ditut.

Altube gainean bizi zara. Leku ona honetarako...  

Etxeko inguruko larreetan eta basoetan izaten ditut artaldeak; ez naiz larregi mugitu behar. Gorbeiako goiko partea ez da oso zabala eta abere asko dago. Etxe ondoan izanda, gainera, hobeto kontrolatzen ditut ardiak; gainean nago beti.

Oker ez banago, beste artzainetatik zerbaitek bereizten zaitu, ezta?

Bai. Betidanik taldeka izan ditut ardiak banatuta eta kolore ezberdinekin margotuta. Horrela hobeto moldatzen naiz, lana errazten dit.   

Zure bildotsek Euskal Labela dute...

Hala da. Kalitatearen alde egin dut apustua; kanpoan daudenean larreetan topatutakoa jaten dute, eta etxean, neguan eta udan, modu naturalean sikatu den belar-zamak dituzte eskura; hemen ez dira plastikozko bolak erabiltzen. Pentsua ere ona da, oloaz eta garagar-irinaz egina.

Dagoeneko 71 urte dituzu. Adina aurrera doa. Etxean baduzu norbait ogibidearekin jarraitzeko prest dagoena?

Ondo diozu, urteak aurrera doaz eta gorputzak igarri egiten du; dagoeneko ezin dugu egin lehen egiten genituen lan asko. Kanpainak zortzi hilabete irauten du, eta amaierarako leher eginda nago. Horregatik norbaiten bila gabiltza, artaldeaz arduratuko dena. Ea baten bat agertzen den, etxean inork ez duelako honekin jarraitu nahi. Gogorra da baina ogibidea erakusteko prest nago.

Administrazioek nahikoa laguntzen dutela uste duzu?

Ez, gauza larregi eskatzen dituzte gaur egun. Orain dela gutxira arte, bakoitzak ahal zuena egiten zuen; baina, bat-batean, denetarik eskatzen hasi ziren, eta guztia betetzea oso zaila da. Esaterako, jezte-gelan azulejoak izatea eskatzen dute; gehiegizkoa da.

Amaitu aurretik, zer iruditzen zaizu horren gaineko entzunezkoa egitea?

Primeran. Oso proiektu interesgarria iruditzen zait, eta amaituta dagoenean, oso ondo geratuko da. Ezinbestekoa da sekretutxoak jasotzea; adibidez, artzain batzuek kutxa batekin jezten dutela; ardiak kutxa azpitik pasatzen joaten dira.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide