Martxoan Gorobel mendilerroan dauden azken artzainen gaineko ikus-entzunezkoak ikusi zuen argia, eta egunotan, ogibide bera duten baina mendebalderago dagoen beste mendigune bateko lanaren aurkezpena egin dute, Orozkon (Bizkaia).
Jose Luis Urrutia gidoilaria dabil proiektu horretan lanean. Gorobeleko egitasmoan parte hartu zuen talde berdinarekin ari da beharrean; tartean, Amurrioko Aztarna etnografia elkartearekin. Urrutiak azaldu du lehenengo ikus-entzunezkoak izandako harrera ona ikusita sortu dela ildo beretik doan lana, baina kasu honetan, Euskal Herriko mendigune ezagunetarikoa oinarri: Gorbeiako artaldeekin egin dute oraingoan lan.
Baina, Gorobelekoarekin alderatuta, badu berezitasun bat bigarrenak: artzaintzaren urteko zikloak jasotzen direla, bestean uda islatu zutelako bakarrik. Hori horrela, zuzendariak aipatu du blokeka joango direla proiektua garatzen, arbasoen ogibide horren historia sakona erakusteko, jatorri, garapen eta garai ezberdinekin; baina baita oraina, eta, bereziki, etorkizuna ezagutarazteko.
Orozkon aurkeztutakoa lehenengo zikloa da. Maiatzetik irailaren hasierara bitartean ibili dira grabaketa lanak egiten; besteak beste, Bizkaiko zein Araba aldeko eskarmentu handiko artzainak elkarrizketatu dituzte; tartean, laurogeitaka urteko Orozkoko Luis Larrea eta Jose Mari Olabarri edo Zeanuriko Juantxu Astondoa. Abeziako Javi Aldama edo Altubeko Oñate baserrian bizi den Manu Bilbao bezalako lagunen lekukotza ere jaso dute. Oraindik ere Gorbeiara igotzen dituzte artaldeak, eta gazta ere egiten dute. Garai bateko bizimodu gogorra ekarri dute gogora: harriekin egindako eta karburo kriseiluekin argiztatutako etxoletan urteetan bakardadean igarotako hilabete luze horiek.
Emakumeak eta gazteak
Belaunaldi berrietako artzain gazteen lekukotasunak ere jaso dituzte, horiek baitira gaur egungo eta, bereziki, etorkizunera begirako giltzak. Eta baita emakumeak ere; tartean, Zestafeko San Pedro auzoko Maribel Alava gazteak parte hartu du, Asier Urien bikotekidearekin batera. Altubeko Paula Menoyok ere tokia izan du, eta baita laster ahuntzen ustiategia martxan jartzeko asmoa duen Zaitegiko Iñigo Grazianteparaluzeta gazteak ere. Elkarrizketarekin batera, artzain horiek egunerokoan zeharkatzen dituzten inguruneen irudiak ere hartu dituzte. Esaterako, Gorbeiako tontor ingurukoak, Oketa, Austigarmin, Arraba edo Itxinakoak jaso dituzte.
Blokeka dabiltza proiektua garatzen. Helburua urteko ziklo ezberdinak jasotzea denez, hiru fasetan banatu dute lana. Urrutiak iragarri du hilabetea amaitu baino lehen hasiko direla bigarren blokearekin; hasiera batean, urtarrilera arte luzatuko litzateke hori, beti ere eguraldiak eta ogibideak berak oztopatzen ez badute. Oreinen marrualdia, urtaro aldaketaz edo menditik baserrira jaisten diren lehen artaldeez jardungo da, besteak beste, zati horretan. Hirugarrenean, erditzeen garaia, gainerako artaldeen jaitsiera edo bildotsen merkaturatzea lantzeko asmoa dute.