"Lau urteko eragozpen lasterketaren ondoren, abian dugu komunitatea"

Kemena komunitateko Txema Ramirez de la Piscina eta Servando Fernandez. A. AMENABAR

Zaramagako Kemena energia komunitateak lehen urtemuga ospatu du. Prozesua "luzea eta neketsua" izan dela aitortu arren, pozik agertu dira lortutakoarekin talde eragileko kide Txema Ramirez de la Piscina eta Servando Fernandez.

Eredu energetiko "bidezkoagoa eta jasagarriagoa" eraikitzearekin batera, herritarrak ahaldundu eta auzo loturak sendotu direla nabarmendu dute.

Zer garrantzi dauka urtemuga honek zuentzat?

Txema Ramirez de la Piscina: Neketsua izan da bidea. 2022an hasi ginen lehenengo aurrekontuak eskatzen, eta pasa den larunbatean ospatu genuen lehendabiziko urtemuga, garrantzitsua gure ustez. Lau urte izan dira guztira: aurrekontuak eskatu, prototipatuak egin, kontuak atera, bizilagunak konbentzitu... "Eta hemendik zer aterako dugu? Energia merkeagoa? Diru laguntzak egongo dira?", moduko galderak egiten zizkiguten hasieran. Guk beti esaten genuen inportanteena ideia bera dela: jendea jabetzea gu garela energia horren ekoizle eta banatzaile.

Servando Fernandez: Uste dut ez dela saldu behar hau negozio ekonomiko moduan, aurpegi asko dituen negozio gisa baizik, eta ziurrenik garrantzi gutxien duena diruarena da. Niretzat betebehar bat da atzetik datorrenari gutxienez nik aurkitu dudan aberastasun bera uztea. Guk jaso genuena baino egoera hobean uztea hau. Azken batean, mundu gizatiarrago bat uztea.

"Atzetik datozenek besteek egindakoa baliatu behar dute, askoz errazagoa da bidea horrela"

Nola egituratu da Legutioko Atea kaleko bizilagunen arteko elkarlana komunitate hau errealitate bilakatzeko?

T.R.: Prozesua abiatu genuenean, konturatu ginen gakoetako bat zela bizilagunen komunitatean ideia nola sozializatu. Horretarako talde eragile bat egon da, eta hor biok ibili gara, beste kide batzuekin batera. Ezinbesteko baldintza da proiektua abiatzeko konfiantza egotea: ideia bultzatzen duten pertsonak komunitatean konfiantzazkoak izatea. Gero, ideia sozializatu egin behar da. Komunitateak baimena eman behar dio energia komunitateari, nolabait beraien teilatua aprobetxatu ahal izateko. Hori lortu genuen, proiektua ondo saldu genuen. Eta ondoren, diru laguntzen prozesua abiatu genuen.

Kemena komunitatearen lehen urtemuga ospatzeko jaia, hilaren 17an. KEMENA 

Zer moduzkoa izan da diru laguntzen eta baimenen kudeaketa?

T.R.: Energiaren Euskal Erakundera jo genuen; hasieran laguntza ukatu ziguten, gero onartu... Gero Gasteizko Udalaren deialdia atera zen, hori eman ziguten eta uko egin behar izan genion EEEren diru laguntzari. Prozesu oso luzea izan da, eta benetan iskanbilatsua. Diru laguntzaren bigarren zatia aurten lortu dugu, iraila hasieran. Instalazioa berez 2024ko abenduan amaitu zen, baina hamar hilabete eman genituen abian jarri arte, 2025eko urrian, Iberdrolak hainbat eragozpen jarri zituelako. Alde horretatik oso etsigarria izan da, eragozpen lasterketa amaigabea. Azkenean ondo amaitu da, baina asko kostatu zaigu: nekea, ahalegina eta izerdia. Administrazioek hitz egiten dute energia berdeen alde, hitz eta pitz, baina gero burokrazia aldetik eragozpenak ikaragarriak dira. Ulertzen dugu instituzioentzat ere hau nahiko berria dela baina... Aldundian, adibidez, inbertsio honek bazuen onura fiskala, baina beraientzat berria zen, langileentzat, eta guk atzetik ibili behar izan dugu, batzuei ukatu, hurrengo urtean erreklamatu... Oso neketsua izan da.

"Inportanteena ideia bera da hasieratik; gu gara energia horren ekoizle eta banatzaile"

Zuek zeuen bidean ereduren bat izan duzue?

S.F.: Honen guztiaren irakaspen handiena da besteek egindakoaz baliatu behar dela. Ondo eta gaizki egindakoez ikasi. Tesi doktoralak kopiatu egin behar dira: ez dira egiten apalategi bateko liburu batean gordeta egoteko. Energia komunitate bateko norbaitek bere jarraibideak ematen badizkizu, askoz ere errazagoa da bidea, ziurrenik oztopo eta akatsak errepikatu egiten direlako. Gure kasuan, Rececoop energia komunitateen sarea izan da, adibidez.

T.R.: Estatu mailan funtzionatzen duen sare bat da, baina Araban eta batez ere Nafarroan ondo zabalduta dago. Gasteizen hiru hilabetean behin biltzen gara Bizan batean; hor biltzeak ere zerbait esan nahi du, gehienok erretiratuak gara, denbora librea daukagu eta horretan inbertitzea erabaki dugu... Eredu asko daude, baina agian aitzindaria Josepe Martioda izan da: bizilagun batzuekin abian jarri zuen Erriberagoitian Arabako lehendabiziko energia komunitatea, eta komunitate guztien abiatze prozesuan lan handia bete du.

Lau urte dira energia komunitatea sortzeko pausoak ematen hasi zirenetik. KEMENA

Zein izan da esperientzia honen ikaskuntza nagusia kideen artean?

T.R.: Ikaste prozesu oso aberasgarria izan da guztiontzat. Herritarron ahalduntzea azpimarratuko nuke; egunez egun ikusi dugu. Gure komunitatean 97 urteko pertsonak daude, eta baita 30 urtekoak ere, eta denok bat etorri gara honetan. Larunbatean hogei bat lagun bildu ginen, ez bakarrik atari horretan bizi garenak, baita beste batzuk ere. Lortu dugu auzoaren konplizitatea, tabernen parte hartzea, gizarte etxearena... Konfiantzazko jendearekin abiatu gara, proiektua aurrera ateratzeko erabakimenaz, denboraz eta, gure izenak dion bezala, kemenez. Hasieran egitasmoaren kontrako botoren bat ere izan zen, baina aurrera egin ahala batu egin dira, eta gaur egun komunitateko kide dira.

S.F.: ​​​​​​​Komunitatea egin dugu. Honek elkartu egin gaitu, eta bizilagunen ohiko komunitate bilerak ere erraztu dizkigula esango nuke.

Arabako energia kudeaketaren inguruan zer ikuspegi daukazue?

T.R.: Makroinstalazioak bultzatzen ari dira, eta gure ustez hori ez da bidea. Txikiak zein tamaina ertainekoak bultzatu behar dira eremu antropizatuetan. Gurea bezalako hamabi bat komunitate daude abian.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago