Kemena tokiko energia komunitateak lehen urtemuga ospatuko du Zaramagan

Anakoz Amenabar

Urtebete darama abian Zaramagako Kemena energia komunitateak. KEMENA

Legutioko Ateko bizilagunak elkartu egin dira "eredu energetiko bidezkoagoa, tokikoagoa eta jasangarriagoa eraikitzeko".

Kemena energia komunitateak bere lehen urtemuga ospatuko du larunbatean, urriaren 17an, Iparralde gizarte etxean. Legutioko Atea kaleko 31. eta 33. atarietako eta inguruko bizilagunek osatutako ekimen honek errealitate bihurtu du herritarrek bultzatutako energia berriztagarriaren eredu propioa, eta, festaren bitartez, egindako bidea eta lortutako mugarriak ezagutarazi nahi dizkiete Zaramagako auzoari eta Gasteiz osoari. 

Egitasmo honen helburu nagusien artean daude, azaldu dutenez, ingurumen aztarna murriztea eta trantsizio energetiko bidezkoagoa nahiz jasangarriagoa eraikitzea. Gaur egun, 45 etxebizitzak parte hartzen dute eguzki energia teilatuetatik sortu, partekatu eta aprobetxatzeko proiektuan. Ekoizpen autonomo honi esker, urtero 2.412 kg CO2 igortzea saihesten dute eta hileko argiaren fakturan %25 eta %60 artean aurreztea lortu dute parte hartzen duten familiek. 

Eredu hau erabat herritarra dela nabarmendu dute, tokiko kudeaketan oinarritzen dena, "makroproiektu energetiko suntsitzaileen aurrean" alternatiba gisa. Kemena komunitatearen helburua lurraldea eta mendiak bizirik mantentzea da, "interes ekonomiko edo politikoen gainetik herritarren premiak eta naturaren defentsa lehenetsiz". Hala, energia garbia herritik bertatik eta herritarren mesedetan kudeatzeko gaitasuna aldarrikatzen dute.

Urtemugaren harira, jai eguna antolatu dute urriaren 17rako, 11:00etatik aurrera. Egunean zehar proiektuaren bilakaera azaltzeko hitzaldia, mugikortasun jasangarriaren eta lurraldearen defentsaren inguruko informazio guneak, herri poteoa txarangarekin eta herri bazkari autogestionatua egingo dituzte. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago