Gasteizko euskalgintzako kideak San Migelgo balkoian elkartu dira Gasteiz Euskararen Hiria ekimenaren hirugarren edizioa aurkezteko. Antolatzaileek Gasteizko hainbat elkarterekin elkarlanean egun osoko egitarau oparoa prestatu dute larunbaterako, 11:00etatik 22:30era euskara protagonista izateko helburuarekin. Besteak beste, familientzako ikuskizunak, bertsoak, Harresian Zulo taldearen kontzertua eta Andrigina drag show-a izango dira Andre Mari Zuriaren plazan eta Plaza Berrian, baita janaria eta edaria eskainiko dituen gunea ere.
Izan ere, euskalgintzako eragileek ezinbestekotzat jotzen dute jaia antolatzea, euskarak "garai ilunak" bizi dituela nabarmenduta. Horregatik, jai giroak erdiguneko plazak hartuko ditu eta gasteiztar guztiei parte hartzeko gonbidapena luzatu diete, haur, gazte, heldu zein zaharrek euren tokia baitute Gasteiz Euskararen Hirian. AEK, GEU elkartea, IKA Gasteiz, Hegoalde euskaltegia, Arabako Bertsozale Elkartea, Taupa, Lazarraga kultur elkartea, ALEA eta Gasteizko Udala bezalako eragile eta erakundeek egin dute bat ekimenarekin.
