Euskara "kalean bizitzeko gonbidapena", urriaren 10erako

Juanma Gallego

Adin tarte guztietarako egitaraua ondu dute. JON HIDALGO / ALEA

Hamabi orduko egitaraua prestatu dute Euskararen Hiria ekimenaren hirugarren ediziorako 

Euskararen Hiria ekimeneko hirugarren edizioak hamabi orduko programazioa eskainiko du datorren urriaren 10ean. Andre Maria Zuriaren plazan eta Espainia plazan egingo den programazioaren baitan, aurrekoetan bezala, askotariko ekimenak egongo dira, adin tarte guztiei begira. Musika, kirola, aisialdia eta kultura uztartuko dituen jaia izango da. 

Gaur egindako aurkezpenean, Maria Nanclares Euskara zinegotziak nabarmendu du "euskara kalean bizitzeko gonbidapena" dela hau, "modu hurbil, ireki eta parte hartzailean". Euskaldun osoei ez ezik, hizkuntza ikasten hasi direnei eta euskarara hurbildu nahi dutenei ere lekua eskaini nahi diotela dio Nanclaresek. Harekin batera egon da EH Bilduko Maider Uriarte zinegotzia. Izan ere, udal gobernuaren eta EH Bilduren arteko aurrekontu akordioan jasotako 75.000 euroko aurrekontua du ekimenak. Uriartek azpimarratu du Gasteiz "gero eta euskaldunagoa" dela, eta euskara gasteiztarrei eskaintzen zaienean, "besoak zabalik" hartzen dutela. 

Jarduerak 11:00etan hasiko dira, familientzako Kokito eta India ikuskizunarekin. Ondoren, 12:00etan, aisialdi ekintzak eta herri kirolen tailerra egingo dituzte. Gazte eta helduentzako proposamenen artean, 12:30ean rol jokoak eta Bertso Tanta saioa izango dira aldi berean. Ordubete geroago, 13:30ean, aurten lehen aldiz programatutako akroyoga saioak parte hartzaileen oreka eta koordinazioa jarriko ditu proban. Ordu berean egingo dute herri kirolen erakustaldia ere.

Eguerdiko giroa Pineapple Sweets taldearen binilo pintxaketak jarriko du, 14:30etik aurrera. Arratsaldean, berriz, euskal kulturaren ohiko beste zenbait alderdik hartuko dute lekukoa: 17:30ean dantza taldeen topaketa egingo dute, eta 19:00etan euskalgintzaren inguruko ekitaldi antzeztua izango da. Musikak emango dio amaiera gauari. 20:30ean Harresian Zulo taldearen kontzertua izango da, eta azkenik, 22:30ean, Andrigina Drag Showak itxiko du aurtengo Euskararen Hiria jaialdiaren egitaraua.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago