Zuk ere baduzu tokia Gasteiz Euskararen Hirian

Jon Hidalgo 2026ko uztailaren 15a

Iazko Euskararen Hiria ekimeneko momentu bat. Argazkia: ALEA.

Urriaren 10ean ospatuko da jaialdiaren hirugarren edizioa. Euskarak beteko ditu beste behin hiriko erdigunea, hamabi ordutik gorako programazioa, euskara hutsean.

Urriaren 10ean hartuko du Arabako hiriburuak Gasteiz Euskararen Hiria ekimenaren hirugarren edizioa, Zuk baduzu tokia Euskararen Hirian lelopean. Egun osoan zehar, euskarazko jarduerak izango dira etenik gabe Plaza Berrian eta Andre Maria Zuriaren plazan, herritar guztiei zuzenduta.

Edizio berriaren xehetasunak gaur goizean aurkeztu dituzte Maria Nanclares Euskara zinegotziak, Maider Uriarte EH Bilduko zinegotziak eta Aitor Alvarez Geu Elkarteko teknikariak. Izan ere EAJ eta PSEren Udal Gobernuak EH Bildurekin egindako akordioan jaso da euskararen aldeko ekimena.

Nanclaresen hitzetan, aurtengo leloak "ezin hobeto islatzen du jardunaldiaren funtsa", eta azpimarratu du ekitaldia dagoeneko bihurtu dela euskarazko jardueren egutegian erreferentziazko hitzordu. Halaber, ekimenaren helburua euskararen erabilera sustatzea dela adierazi du zinegotziak, bai hizkuntza egunerokoan erabiltzen dutenen artean, bai ikasten ari direnen edo euskarara hurbildu nahi dutenen artean.

Bestalde, Uriartek nabarmendu du euskarak bizi duen oldarraldi testuinguruaren aurrean Gasteizek "inoiz baino gehiago Euskararen Hiria" izan behar duela. Bere esanetan, ekimenak euskararen erabilera eta presentzia indartzen laguntzeaz gain, erakutsi nahi du euskaraz bizitzea posible dela. Horretarako, hiriko euskalgintzaren eta herritarren elkarlana ezinbestekotzat jo du.

Oraindik ez dute publiko egin jaialdiaren egitarau zehatza. Antolatzaileen arabera, baina, egitarauak kultura, aisia, kirola eta euskararen sustapenean lanean ari diren elkarte eta eragile ugari bilduko ditu. Jarduera guztiak herritarrei zabalik egongo dira. Jaia 11:00etan hasiko da; haurrak eta familiak izango dira lehen protagonistak, eta 23:30ak aldera amaituko da, egunari amaiera emango dion musika emanaldi batekin.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago