Protesta eskubidea aldarrikatu dute Kordako desalojoaren epaiketan

Jon Hidalgo 2026ko uztailaren 16a

Korda espazioaren defentsan auzokideek egindako elkarretaratzea. Argazkia: Korda.

Korda espazioa defendatu zuten hamar lagunen aurkako epaiketetan lehena abiatu da gaur. Mozal Legearekin desobedientzia leporatuta 7.000 eurotik gorako isunak jaso dituzte. Zigorrak inpugnatuta, protesta eskubidearen alde egin dute epailearen aurrean.

Gaur hasi da Gasteizko auzitegian Korda espazioaren desalojoarekin lotutako epaiketetan lehena. Alde Zaharreko espazio okupatua defendatu izanagatik hainbat isun jaso zituzten bertako kideek; helegiteak jarri dituzte isunen aurka, eta helegite horiek aztertzeko epaiketa abiatu da gaur goizean. Hamar lagun zigortu zituzten Mozal Legean oinarrituta; guztira 7.000 eurotik gorako isunak, desobedientzia egotzita. Kide bakarraren auzia izan da gaurkoa, irailean emango ditu hurrengo urratsak prozesu judizialak. 

Herrizoma Elikadura Sarea, Zaharraz Harro eta Auzoan Bizi Etxebizitza Sindikatuak zabaldutako Korda espazioa hustu eta itxi zuen Ertzaintzak 2025eko ekainean. Operatiboan zehar barruan zeuden 11 pertsonak identifikatu zituzten, eta horietako bat zauritu eta atxilotu egin zuten. Zauritua ospitalera eraman zutenean, hura artatu zuen erizaina ere identifikatu egin zuten, eta isuna jarri diote erizainari ere, poliziaren aginduei men ez egitea egotzita.

21 Zabalgunea Udal elkartearen jabetzakoa da lokala, eta 2022an "berreskuratu" zuten, hiru kolektiboek gogorarazi dutenez. Hiru urteren ostean hamabi orduko polizia operatiboa antolatu zuen Ertzaintzak, espazioa desalojatzeko. Egun hartan jasandako errepresioa salatu dute, eta auzoa "militarizatu" zela gogorarazi dute kideek. Egun hutsik eta itxita jarraitzen du Pintore kaleko lokalak.

Isunen aurkako prozesua

Kordako desalojoaren ostean prozesu judiziala abiatu zen Ertzaintzak zauritutako kidearen aurka, baina epaileak artxibatu egin zuen auzia, delitu zantzurik ez zegoela iritzita. Zauritutako kideak ere salaketa jarri zuen ertzainen aurka, eta gaur gaurkoz ez dago berri gehiagorik prozesu horren inguruan. Kordako hamar lagunei eta erizainari jarritako isunek aurrera egin dute, eta horien aurka aurkeztu dituzte administrazioarekiko auzi errekurtsoak. Epaileak erabaki beharko du akusatuek egindakoa desobedientzia zigorgarria izan zen, ala protesta eskubidearen erabilera zilegia.

Herrizomak, Zaharraz Harrok eta Auzoan Bizik elkarretaratzea egin dute gaur goizean epaitegiaren aurrean. Salatu dute protesta eskubide legitimoa zigortzen saiatzen ari direla isun hauen bidez. Mozal Legea askatasun politiko eta zibilen aurkakoa dela adierazi dute, poliziaren inpunitatea handitzen duela, eta legea indargabetzeko eskatu dute.

Erlazionatuak

Kordaren desalojoa bideoan

Erredakzioa 2025 eka 04 Gasteiz

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago