Ertzaintzak lortu du Korda hustea, gauerditik Pintore kalea hartua izan ostean. Dozena bat lagun zeuden barruan gordeta. Langile batek lokaleko hesia ireki eta Kordako kideek erresistentzia egin dute atean. Margoa bota dute haien gorputzen gainean, eta Ertzaintza oldartu egin zaie, bertatik ateratzeko.
Kordako kide bat zauritu egin dute, eta atxilo hartu. Kordatik salatu dute sudurra apurtu diotela, eta aurpegia odoleztatuta eraman dute. Kideek jakinarazi dute Txagorritxuko ospitalean dutela ertzainek atxilo hartutako laguna.
Desalojoa salatzeko manifestazioa egin dute arratsaldean, Kordako kideek deituta. Ehunka lagunen babesarekin gurutzatu dituzte Alde Zaharreko zenbait kale, eta Kordako atean altxa berri zegoen porlanezko paretaren aurrean bildu dira. "Gaur berriz diogu ez dagoela erdibiderik haien jabetzen eta guren bizitzen artean. Haien jabetzek gure bizitza etengabe erasotzen duten bezala, guk ere haien jabetzak erasotzen jarraituko dugu".
Auzoan Bizi, Herrizoma eta Zaharraz Harro eragileek duela hiru urte okupatutako espazioa da Korda, "auzoko beharrei erantzuteko" erabili dutena. Etxebizitza, elikadura eta jai herrikoiak kolektiboki antolatzeko lan egiten dute hiru eragileek, eta udalari leporatu diote negozioa egiteko erabiltzeko lokalak, herritarren beharretarako utzi beharrean. Lokalak urteak zeramatzan hutsik Korda zabaldu zuten arte.