Aritz Sukia

"Mugikortasun azterketa bat behar da, ezer egin aurretik"

Anakoz Amenabar 2026ko uztailaren 15a

2014an hasi zen Aritz Sukia taxista lanean Gasteizen. Argazkia: EKAITZ ANDA

Gasteizko Udalak ezarri duen dekretua inolako azterketarik gabe ezarri duela salatu du Sukiak, sektorearen iritzia kontuan hartu gabe.

Gasteizko taxi gidarien gaueko guardiak uztailaren 24an sartuko dira indarrean, udalak sektoreak aurkeztutako alegazioen %93 baztertu ondoren. Larunbat eta jaiegun bezperetako zerbitzu hori, 00:00etatik 08:00etara, egitetik salbuetsita geratuko diren gidari bakarrak mediku ziurtagiria aurkeztu duten bost profesional izango dira. Gidarien artean "haserrea" nagusi dela nabarmendu du Aritz Sukiak (Gasteiz, 1982), lana "inposatu" egin zaiela uste dutelako, taxi beharrak gorabehera, eta erabaki hori, gainera, hedabide baten bitartez jakin dutelako.

Santiago bezperan sartuko da indarrean guardia dekretu berria, Gasteizko Udaletik jakinarazi dutenez.

Hala jakin dugu egunkari baten bitartez, bai, guri ez baitigute ezer esan. Hainbat alegazio jarri genituen eta gure abokatuek oraindik ez dute berririk. Espero genuen moduan, egia esan, azken hilabete hauetako prozesua ikusita. Inolako errespeturik gabe egiten ari da.

Zer iritzi duzu dekretuaren inguruan?

Niretzat onargarria ez dena inposizioa da. Eta esango nuke justifikaziorik gabe datorren erabakia dela. Ez da inolako informerik egon, ez da informaziorik bilatu zehazteko gauez 50 taxista behar diren, 30 behar diren edo zenbat behar diren. Ordutegiari dagokionez, zergatik da 00:00etatik 08:00etara? Gautxoriak egon badaude, baina azkena goizeko seietan da, justu diskotekak ixten dituztenean. Horregatik luzatu nahi digute guri guardia 08:00ak arte? Udalaren erantzunen zain jarraitzen dugu. Ez da zehaztasunik egon, besteak beste, segurtasunari dagokionez edota guretzako berme ekonomiko bati dagokionez.

"Inposizioa ez da onargarria. Eta  justifikaziorik gabe datorren erabakia da, gainera"

Segurtasunari dagokionez, zer behar duzue?

Segurtasun falta dagoela agerikoa da. Eta udaletik entzun den gauza bakarra da udaltzaingoaren patruila bat egongo dela taxisten zerbitzura. Nire ustez horrek ez du arazoa konpontzen, eta zalantzak ditut nola beteko den. Lankideon artean askotan hitz egin izan dugu gaiaren inguruan; ordaindu nahi ez duen bat edo bestelako arazoren bat izan, udaltzainei deitu, eta erantzunik ez. Hirian beste lehentasun batzuk dituztela esaten dizute. Eta hantxe zu, zure kotxean bakarrik, pertsona baten, biren edo hiruren kontra. Logikoa denez, jende askok ez dio aurre egiten, eta kobratu gabe geratzen dira.

Areagotu al da segurtasun falta azken urteotan?

Zalantzarik gabe. Inolako alarmismorik sortu gabe, sektore batek bilatzen duen alarmismo horretan erori gabe, segurtasun arazo bat dago, akaso beti egon dena gauez, baina azken urteetan areagotu dena. Eta ez dakit zergatik. Jendeak aurre egiten dizu nik aurretik ezagutzen ez nuen biolentziarekin, oldarkor. Ez dakit gizartea bera den estresatuagoa bizi dena eta horrela bideratzen duen estresa, baina lehen eztabaida bat izan zitekeena, adibidez edalontziarekin taxian ezin delako sartu, gaur egun zure kontrako erasoa izan daiteke, edo zure kotxearen kontrakoa. Dezente areagotu dira sektorean erasoak. Nik neuk zaplazteko bat jaso dut aurten... Orduan, ulertzen dut hainbat lagunek gauez lan egin nahi ez izatea, edo gaueko ordu batzuetan behintzat, nahiz eta lana egon badagoen, arrisku batzuk badituelako, eta beldurra oso subjektiboa delako. Beraz, zaila izan arren, bilatu behar da modua gure lana seguruagoa izateko.

Eta maila ekonomikoan, nola eragiten dizue dekretuak?

Behartu nahi gaituzte gauetan edo jaiegun bezperetan lan egitera, baina udalak ez du hitz egin nahi guretzat baldintza ekonomiko minimo batzuk bermatzeari buruz. Adibide bat jartzearren: guardiak ezarri nahi dituzte abenduaren 6ko edo 8ko bezperako gauetan ere. Gasteiz apur bat ezagututa, ez nuke esango jai gauak direnik horiek. Beraz, zer gertatzen da gau horretan ateratzera behartzen banauzu eta ez badut dirurik egiten? Ni honetaz bizi naiz, baina ez didazu baldintza minimo ekonomikorik bermatu nahi, ezta? Gainera, 08:00ak arte egiten badut lan, argi dago hurrengo egunean 11:00etan ez naizela lanean egongo. Horretaz ez dute hitz egin nahi. Eta zer gertatzen da behartzen banauzu eta kotxea izorratzen badidate? Gertatu izan da. Haserretzen den norbaitek ostikoak ematen dizkio zure kotxeari eta bi ate izorratzen dizkizu. Ni hor nago zuk behartu nauzulako, baina ez duzu horren erantzukizunik izan nahi. Egoera horretan gaude: inposizioa bai, baina beste kontuez ezer jakin nahi ez. Ez zait iruditzen onargarria.

Zer iritzi dute langileek?

Ezin da orokortu, eta ez naiz ni ordezkaria, baina haserrea nagusi dela esango nuke. Prozesua hasieratik presaz etorri da, bizkor egiteko asmoarekin, agian hauteskundeengatik. Baina gauzak gaizki ateratzen dira horrela.  Esango nuke taxiaren afera konpontzeko domina jarri nahi duela Artolazabalek  gizartearen aurrean, benetako arazoa konpondu beharrean. Hilabeteak daramatzate prentsan filtrazioak egiten, nahi izan duten informazioa ateratzen eta gezurrak esanez, herritarrak gure kontra jartzeko helburuarekin. Sektorean hori oso gaizki jaso da, noski. Zenbait kontu aurpegiratu zaizkien arren, berriz ere gezur bera errepikatzeko lotsarik ez dute izan. Besteak beste, hilean guardia bakar bat eskatzen zigutela eta ez genuela egin nahi; hori gezurra da, egutegia argitaratuta dago, eta nik neuk adibidez hiru asteburu jarraian neuzkan uztailean. Txartelarekin kobratzeko arazoak jartzen ditugula ere esan dute; ez da egia, Radio Taxi Gasteiz elkartean langileen %90 gaude, eta denek daramagu txartelarekin kobratzeko gailua. Ez dago inolako arazorik.

Aritz Sukia taxi gidaria, Gasteizko Katedral berrian duten geltokian. Argazkia: EKAITZ ANDA/ ALEA

Zein izan daiteke Gasteizen dagoen taxi beharrari erantzuteko neurria?

Beharra dago, baina maila batean. Uste dut azterketa  bat egin beharko litzatekeela mugikortasunaren inguruan, ez taxiarena bakarrik, ikusteko zeintzuk diren beharrak eta nola konpondu daitezkeen hoberen. Nik ez dut esango autobus gehiago jarri behar denik edo tranbia gauez atera behar denik, baina badakigu tranbia gauez ateratzen denean ez dela arazo handirik egoten taxia lortzeko edo mugitzeko. Azterketa horretan agertu daiteke 40 taxi behar direla zenbait gautan, eta hala bada bete beharko da. Baina azterketa batean oinarrituta egon beharko luke. Udalarentzat errazena zera da: "Niretzat doakoa denez zuek behartzea, bada behartuko zaituztet kopuru hauetara eta listo". Eta batzuetan taxi gehiago jarri baino, zerbitzua hobetu behar da dagoeneko gaudenekin, eraginkorragoak izateko.  Lizentzia gehiago behar dela? Agian, bai. Baina hori azterketa batek esan beharko du. Ezaugarri guztiak kontuan hartzen dituen azterketa bat: hiria zenbat handitu den, biztanleria zein den...

"VTC lizentziek kezka sortzen dute, ez lehiagatik, baldintzak urratzen dituztelako baizik"

Bien bitartean, taxi gidarien elkarte berri bat aurkeztu dute: AIDDTAX...

Nire ustez, elkarte hori ere prozesu honen emaitza da: batetik, taxiston ordezkarion eta negoziatzen ibili direnen aldetik informazio falta egon delako gurekiko; eta bestetik, udalak hartu duen inposatze eta negoziatu nahi ez izateko jarreragatik.

Kezkatuta zaudete VTC lizentziei aukera irekitzeagatik Gasteizen?

Uber eta Cabify bezalako zerbitzuen etorrerak kezka sortzen du, ez lehiagatik beragatik, ezarritako baldintzak eta hiri barruko baimenak sistematikoki urratu ohi dituztelako baizik, administrazioen kontrol eskasaren aurrean. Desabantaila egoeran lehiatzen gara: taxiek tarifa arautu eta finkoak bermatzen dizkiote herritarrari, besteak beste, eskari handiko egunetan abusuzko prezioak ekiditeko, eta VTC lizentziek, berriz, prezioak nahi bezala aldatzen dituzte eta debekatuta dituzten hiri barruko bidaiak egiten dituzte. Ulertu dezaket jendeak gauzak ahalik eta merkeen nahi dituela, ez duela harago begiratzen zer suposatzen duen horrek, baina administrazioei zorrotz jokatzea eskatu behar zaie, eta arauak betearaztea, guztiontzako baldintza berdinak bermatzeko.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago