Taxiaren sektorearekin izandako negoziazioak porrot egin eta gero, Gasteizko Udalak erabaki du dekretu bidez neurriak hartzea, eskari handiena dagoen momentuetan taxien gutxieneko zerbitzuak bermatzeko.
Beatriz Artolazabal Espazio Publiko eta Auzoetako zinegotziak aurkeztu du 2026rako nahitaezko guardiak ezartzen dituen dekretua, larunbat eta jaiegunetako gauetan, maiatzetik urrira bitarteko igandeetan, eta taxi egokituetan.
Guardiak ezarri dituzte
Hartara, larunbat eta jaiegun bezperetarako guardien egutegia ezartzen du dekretuak, gaueko 00:00etatik goizeko 08:00etara, eta gutxienez 50 taxik eman beharko dute zerbitzua. Gainera, taxiek zazpi geltoki zehatzetan egon beharko dute kokatuta, zerbitzurik ematen ari ez direnean, batez ere hiriaren erdialdeko geltokietan.
Hauek dira geltoki horiek: Artium, Frantzia kaleko 24. zenbakian; Babesgabeen plazaren ondoan; Renfeko geltokiko plazan; Eusko Legbiltzarrean; Aldabe eta Eulogio Serdan kaleen artean; Txile kalean, Europa Jauregiaren aurrean; eta Txagorritxuko ospitalearen ondoan.
Dekretuak, gainera, maiatzetik urrira bitarteko igandeetarako guardien egutegi espezifikoa jasotzen du, 13:00etatik 19:00ak bitartekoa, eta gutxienez 35 taxi egongo dira erabilgarri.
Era berean, taxi egokituetarako guardia sistema iraunkorra ezarri da, urte osoan eguneko 24 orduetan egokitutako bi ibilgailu erabilgarri egongo direla bermatzeko.
Alegazioak aurkezteko epea
Dekretua orain argitaratuko da ALHAOn, eta hamar eguneko epea irekiko da alegazioak aurkezteko, behin betikoz onartu eta indarrean sartu aurretik.
"Emakida bidez funtzionatzen duen zerbitzu publikoaz ari gara eta horrek eskubideak dakartza, baina baita betebeharrak ere. Herritarrek taxiak behar dituztenean erabilgarri izango dituztela bermatzeko betebeharra, alegia", azaldu du zinegotziak erabakia justifikatzeko.
Lizentzia gehiago
Aldi berean, udala bigarren dekretu bat prestatzen ari da hirian taxi lizentzien kopurua handitzeko. Sektorearekin martxoan lortutako aurreakordioak, hasiera batean, bi urtetan 20 lizentzia berri gehitzea aurreikusten zuen. Orain, ordea, udal gobernua igoera handiagoa aztertzen ari da.
Gaur egun, Gasteizek 194 taxi lizentzia ditu, 2007an zuen kopuru berbera, nahiz eta ordutik hiria 232.000 biztanletik 265.000 herritar inguru izatera igaro den eta hiri hedapen handia izan duen.
Arabako hiriburuak 0,74 taxiko ratioa du mila biztanleko, Iruñea (0,9), Bilbo (2,22) eta Donostia (1,62) hirien azpitik. "Planteatzen ari garena da egungo eskaintza eta eskaria egokitzeko neurria; izan ere, eskaria orain ia hogei urtekoa baino nabarmen handiagoa da·", adierazi du Artolazabalek.
Udala Ogasun sailarekin eta zerbitzu juridikoekin ari da lanean, lizentziak zabaltzeko lege eredurik egokiena zehazteko.
EH Bilduren kritika
Taxiaren sektorearen eta udalaren arteko gatazka bideratzeko EH Bilduk elkarrizketarako bideak bilatzeko eskatu du. Gainera, azpimarratu du ezin dela irekitako gatazka bati dekretu bidez irtenbidea eman.
Aitziber Salazar EH Bilduko zinegotziak adierazi duenez, "sektorearekin irekita dagoen gatazka batean dekretu bidez jardutea akats bat da, eta hasieratik aldebakarrez jokatzea erabaki duen gobernu baten ahultasuna baino ez du erakusten".