Gabriel Arestik birritan bisitatuko du Gasteiz

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko maiatzaren 22a

2025ean Arestiren heriotzaren 50. urteurrena bete zen. Argazkia: K.L.

Poetak Maiatzean jaialdiaren barruan Arestiren figura berriro deskubritzeko gonbitea egin dute, hilaren 25ean Arte eta Lanbide Eskolan eta maiatzaren 27an Arkabian.

Bilbon jaio zen Gabriel Aresti, 1933 urteko udazkenean, eta iaz bere heriotzaren 50. urteurrena bete zen. XX. mendeko euskal literaturako figura garrantzitsuenetako bat izan zen Aresti, eta arras ezagunak dira idatzitako poema ugari. Arabari erreferentzia egiten diotenak ere badira.

Poetak Maiatzean jaialdian gogora ekarri nahi izan dute bere obra oparoa, eta birritan aukera izango dute gasteiztarrek Gabriel Aresti hobeto ezagutzeko eta zaletzeko.

Lehen hitzordua Arte eta Lanbide Eskolan da, maiatzaren 25ean, astelehenean, 19:00etan. Arestiren poesia aurkeztuko dute, Karmelo Landa eta Joxan Goikoetxearen bitartez. Urtaroen hurrenkeran egunak joan, egunak etorri, egutegi poetiko musikatua aurkeztuko dute.

Maiatzaren 27an, berriz, Arkabian, Mug(H)arri aurkeztuko dute, 19:00etan, Arestiri buruz Joxan Agirre musikari eta ekoizleak egin duen pieza eszenikoa. Musika eta hitza uztartzen dituen lengoaia baten bidez  Arestiren figura berriz deskubritzea proposatzen du Agirrek.

Lanaren abiapuntuetako bat, besteak beste, 'Euskeraren izen poetikoak' (1967) hitzaldi esanguratsua da; "bertan, Arestik hitza emozio bihurtu zuen eta bere garaiko tentsio kultural eta sozialak islatu zituen". Oroimen horretatik abiatuta, proposamenak iragana eta oraina lotzen ditu, haren figura belaunaldi berrietara hurbilduz.

 

Erlazionatuak

[POETAK MAIATZEAN] 'Gabriel Aresti, udaberria Gasteizen'

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute mai 22, 15:30 Gasteiz

[POETAK MAIATZEAN] Gabriel Aresti-Mug(h)arri

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute mai 07 Gasteiz

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago