Ikuskizunetako teknikariek greba deitua dute maiatzaren 15erako, sektoreko lan baldintzak salatu eta hitzarmen kolektiboa eskatzeko. Greba deialdiak bete-betean harrapatu du Batbatean jaialdia, maiatzaren 15 eta 16an ospatuko dena Gasteizko Mendizabala eremuan. Jaialdiaren muntaketa betean ari direla, antolatzaileek iragarri dute ordubeteko etenaldia egingo dutela ostiralean, greba egunean, teknikariei elkartasuna adierazteko.
Jaialdiaren "puntako ordutegia" hautatu dute geldialdia egiteko, 21:00etatik 22:00etara etengo dira ikuskizunak. Azaldu dutenez, hainbat bilera egin dituzte azken egunotan greba deitu duten eragileekin, eta lehen eskutik jaso dituzte langileen prekarietateari buruzko kezka eta helburual. Eskaera eta aldarrikapen askorekin bat egin arren, adierazi dute "logistikoki ezinezkoa" zaiela jaialdiaren lehen jardunaldia osorik bertan behera uztea, "horrek antolakuntza, teknika eta kontratu mailan izango lituzkeen ondorioengatik". Hala heldu da ordubetez eteteko erabakia.
Batbatean jaialdiaren antolatzaileek gogorarazi dute gertutik ezagutzen dutela ikuskizunetako sektorearen prekarietate egoera, "eta kasu askotan pairatu" ere egiten dutela. Horregatik sentitu dute beharra deialdiarekin bat egin eta langileen errealitatea agerian uzteko. "Kultura eszena bidezkoago eta duinago baten aldeko konpromisoa" berretsi dute Batbateanetik. Adierazi dute laster jakinaraziko dutela etenaldiak nola eragingo dien kontzertuen ordutegiei.