Batbatean jaialdiak Gasteizko Mendizabala hartuko du maiatzaren 15 eta 16an. Dozenaka taldek eskainiko dituzte kontzertuak bi egunotan, eta milaka pertsona hurbiltzea espero dute antolatzaileek.
Zergatik jaialdia? Zer beharri erantzuten dio?
Gure behar emozionalei... (barreak). Duela urte asko hasi ginen jaialdiaren ideia lantzen. Gasteizen jaialdi handi bat egitea, Jimmy Jazz aretotik pasa diren talde gehienak elkartuz, nolabaiteko isla emateko urteotan sortu den komunitateari. Pandemiaren ondoren heldu genion indarrez, eta orduan konturatu ginen ideia ez zela kapritxo bat, baizik eta barruan geneukan zerbait, urteetan pilatutako energia eta gogoa askatzeko modua.
Bi egunetan 45 talde, 19 DJ… zein izan dira artistak hautatzeko irizpideak?
Orain arte egin ditugun jaialdiak oso sektorialak izan dira, Gasteiz Calling, Mondra&Roll, Mugako elektronika… beti kolektibo zehatz bati begira. Baina Jimmy Jazz sortu zenetik, duela hemezortzi bat urte, argi geneukan gure proiektua estilo guztietara zabaldu behar zela: rapa, reggaea, punka, oia, elektronika… denetatik. Azken bost urteetan euskal eszena asko aldatu da: talde gazte pila sortu dira, aretoak betetzen dituzte, baina ez dute lekurik jaialdi handietan. Edo lekua izatekotan, normalean hirugarren mailatik behera agertzen dira, arratsaldeko lehen orduetan, eszenatoki txikietan, ikusgarritasunik gabe. Guk dinamika hori apurtu nahi genuen: talde ertain eta txikiei protagonismoa ematea. Irizpide nagusia izan da ekartzea JJtik pasa eta aretoa bete duten taldeak. Horiek dute lotura zuzena gure komunitatearekin. Beste batzuk, pasa ez badira ere beti izan ditugu buruan, eta gonbidatu ditugu. Talde askori jo diegu atea, baina ez da posible izan denekin.
Halakoek zergatik ez dute lekurik izaten jaialdi handietan?
Promotoreen dinamikagatik. Sarrera salmentek baldintzatzen dute guztia, eta jaialdiak funtzionatzeko beti jotzen da headliner edo kartelburu erraldoietara. Horrek egitura kapitalista bat sortzen du: goian izen handiak, eta azpian talde txiki pila, jaialdia betetzeko. Guk hori apurtu nahi genuen: talde guztiei maila bereko espazioa ematea, eta ez edukitzea goiko izen handirik. Kartela Atik Zra antolatu dugu, talde guztiak tamaina berean. Hori hasieratik izan da gure printzipioa.

Ez dago kartelburu handi tradizionalik, baina 16.000 pertsona espero dituzue?
Bai, bi egunetan, 8.000 eta 9.000 artean egunero. Uste dugu proposamen berria dela eta jendeak ondo hartu duela. Maiatzean egitea ere lagungarria izan da, ez gara sartzen udako makrojaialdien lehian, eta gure mezua argiago iristen da. Prezioa ere ahalik eta merkeen jarri dugu, hori ere garrantzitsua da. Gainera, jaialdia Euskal Herritik eta Euskal Herrirako egina da: ikusleen %98 inguru bertakoa izango da. Kartelak bi ildo nagusi ditu, punk-oi estiloa eta rapa edo musika urbanoa deitu zaiona. Eta gero baditu "marrubiak": Sedientos de Cumbia, Zopilotes Txirriaos, Gozategi… hauek jaigiro berezia ematen diote jaialdiari, eta uste dugu lagundu duela jendeak interesa izaten.
Nola antolatzen da halako jaialdi bat?
Ordu asko sartzen. Lan izugarria da. Urteak daramatzagu ekoizpen handiak egiten, Fermin Muguruzaren bira, Gasteiz Calling…, eta badakigu non egon ohi diren arazo nagusiak. Sei hilabete daramatzagu buru-belarri lanean, eta azken asteetan betiko nerbioak datoz. Aurreko jaialdietan ikasitakoa aplikatzen dugu: langileen ordutegi jasangarriak, espazioen antolaketa, pertsona fluxuak, eta batez ere ikusleen eta artisten esperientzia. Ez da ezer falta jada muntaiari ekiteko, dinamika horretan gaude dagoeneko.
Mendizabalean izango da. Bost eszenatoki, kanpalekua… nola funtzionatzen du horrek?
Hasieran ez genuen kanpalekua jartzeko asmorik, baina ikusleek eskatu dute, batez ere gazteek. Kanpoko jende asko etorriko da eta ohituta daude kanpalekua izatera. Horregatik gehitu dugu azkenean. Eszenatokiei dagokienez, bi eszenatoki nagusi izango ditugu, jaialdietako ohiko formatuan, altuak eta handiak. Eszenatoki bikoitza izango da, kontzertu jarraituak egiteko, etenik gabe. Arestian izeneko oholtza txikiagoa ere izango dugu, oholtza beroa, intimoa, zuhaitz artean... eta DJ gunea ere izango da, denbora guztian izango da musika, estilo askotakoa, jaialdiaren tonuarekin bat egingo duena uneoro, giroa mantenduz, gertuko Djekin, urteotan JJn egin izan dugun bezala.
"Atzetik egiten dugun lana da gakoa, talde guztiei tratu horizontala ematea"
Talde gazte asko, talde mitikoak ere bai, zer esaten digu horrek euskal eszenaz? Nolakoa da bilakaera?
Batetik, euskal gazteria oso lotuta dago talde mitikoetara. Askotan ikusten dugu, talde berriak ikustera datoz Jimmyra, baina gero DJak jartzen ditu abesti zaharrak eta denek dakizkite. Zopilotesek pasa den urtean JJ bete zuten, eta publikoa gaztea zen. Chill Mafiaren kolaboek eta antzekoek ere belaunaldi arteko lotura hori sustatu dute. Musika urbanoaren munduan kolaborazioak ohikoak dira, eta hori gure eszenara ere iritsi da. Gazteek artista zaharrak "berpiztu" dituzte, eta eszena intergenerazional bihurtu da. Genero joerei dagokienez, trap eta rapa goraka doaz, mundu mailako joerei jarraituz. Baina gure bereizgarritasuna da punk eta punk-oiak oraindik ere indar handia dutela, eta azken urteetan berrindartzen ari direla, diskurtso koherente eta politizatuarekin. Gazteria politizatuarekin oso ondo uztartu da hori.

Azken urteetan kritika asko egon dira makrojaialdien aurka. Hau zer da?
Ez gara makrojaialdi bat, baina ia-ia. Gure kontraesan bat da. Ideia barruan geneukan, eta egin behar genuen. Eta jaialdia pasa ondoren ikusiko dugu ea nola kudeatu dugun eta zer ondorio dituen. Ez gara 20.000 laguneko jaialdi bat, baina handia da. Gure kezka da gertutasuna ez galtzea eta arazoak ahalik eta ondoen konpondu ahal izatea jendeari. Makrojaialdietan askotan identitatea galtzen da, jendetza handiak harremanak zailtzen ditu, eta gauzak ez dira heltzen. Guk hori saihestu nahi dugu.
Zertan ezberdintzen da hau makrojaialdietatik?
Hasieratik bilatu dugu gertutasuna, eta talde guztiei aukera ematea. Ezberdintasun asko daude, baina askotan ez dira ikusiko kanpotik. Atzetik egiten dugun lana da gakoa, talde guztiei tratu horizontala ematea, kamerinoetan, catering-ean, gonbidapenetan… Inor ez sentitzea "artista handi", eta besteak bigarren mailako. Eta ikusleekin ere berdin: sarreretan arazoak badaude, kanpinean, mugikortasun arazoak… ahalik eta azkarren konpontzen saiatzen gara. Ez dugu nahi inor galduta sentitzea edo zenbaki huts izatea.
Nola egiten da ikuslearentzat esperientzia aberasgarriagoa izatea, eta ez kontsumo hutsa?
Taldeak nola banatu ditugun garrantzitsua da. Egunero esperientzia orekatua izatea nahi dugu, ez dago egun "handirik". Soinuaren kalitatea ere asko zaindu dugu, eszenatoki guztiak enpresa berak kudeatuko ditu, eta aurreko ekoizpenetan ikasitakoa aplikatuko dugu. Lantalde espezializatua izango dugu ikusleen behar bereziei erantzuteko. Horrelako egoerak estresagarriak izan daitezke ikuslearentzat, eta gure lana da lasaitasuna ematea eta konponbide azkarrak bilatzea. Helburua da 10.000 ikusleek garrantzia bera sentitzea, ez izatea zenbaki hutsak.

"Sektoreko egoera oso kaskarra da: soldatak, ordutegi amaigabeak... denok sufritzen dugu"
Maiatzaren 15ean deitu dute greba ikuskizunetako teknikari eta muntatzaileek.
Bai. Ez dakigu zer gertatuko den. Guk 15erako muntaketa eginda edukiko dugu, hori bai. Eta jaialdia nola kudeatuko dugun? Lehenik eta behin, ulertzen dugu sektoreko egoera oso kaskarra dela, ordutegi amaigabeak, soldatak… denok sufritzen dugu. Baina greba eguna tokatu da. Guk jaialdia abenduan aurkeztu genuen, eta hala etorri da gero. Gainera, konbenio hori ez da gure sektorearena zehazki: esparru publikoko langileentzat da, gehienbat administrazioarekin lan egiten dutenentzat; ez autonomoentzat edo freelancentzat. Gure inguruan lan egiten duten gehienak autonomoak dira, eta beraiek ere esaten dute konbenio hori ez dela euren errealitaterako.
Eragina izatea espero duzue?
Greba egin nahi duenak egin dezala, noski. Guk enpresa batzuekin hitz egin dugu eta esan digute lasai egoteko, bermatuko dutela zerbitzua eta ez dela izango talkarik. Oso argi daukagu jaialdia bera ere izan daitekeela aldarrikapenak egiteko espazio bat. Baina guk ez daukagu maniobrarako tokirik; ezin dugu data aldatu.
Baina ulertzen dituzue haien aldarrikapenak? Arazoa existitzen da sektore honetan?
Bai, guztiz. Eta guk ere sufritzen dugu askotan. Ostiral eta larunbatetan lan egiten dugu, ordutegi txarrekin, eta baldintzak ez dira beti duinak. Behar dugu konbenio bat gure esparrura egokitua. Eta lanaldiak ez izatea 14 edo 16 ordukoak. Baina agian 8 ordukoak motz gelditzen dira, agian 10 ordukoak izan behar dute, baina duinak, noski. Prezioak ere igo behar dira. Langileak orduko gehiago kobratu behar du, eta horrek lotura du sarreren prezioekin, azpiegiturekin, taldeek kobratzen dutenarekin… Oreka bat behar da. Gauzak hobetu dira, baina oraindik asko dago egiteko. Guk, adibidez, jaialdiaren hogei eguneko muntaketa-desmuntaketa epean, laneko segurtasunean dabilen enpresa bat izango dugu. Eta urteekin ikusi dugu txanda bikoitzak derrigorrezkoak direla: lehen teknikari batek eguerdiko hambietatik goizaldeko ordubietara egiten zuen lan; pandemiatik aurrera lortu da erreleboak egotea.

"Helburua da 10.000 ikusleek garrantzia bera sentitzea, ez izatea zenbaki hutsak"
Zaila da zuentzat oreka hori bilatzea? Lan baldintza duinak, sarrera eskuragarriak...
Bai, baina guk hasieratik eskatu genuen txanda bikoitza. Badakigu horrek kostu handiagoa dakarrela, baina beharrezkoa da. Eszenatoki batzuetan txanda bikoitza dago, beste batzuetan txanda bakarra, ordu kopuruaren arabera. Eta ez teknikarietan bakarrik, behar zen guztia bikoiztu dugu, jaialdiak ordu asko dituelako. Lehen soinu eta argi enpresek dena egun berean deskargatzen eta muntatzen zuten; orain 30 lagun gehiago jarriko ditugu soilik deskargarako. Eta muntaketa bi egun lehenago hasten da, akats gutxiago egoteko eta lan istripuak saihesteko. Norbaitek 14 ordu badarama lanean, ziur akatsak egongo direla. Horregatik ezartzen ari gara txanda bikoitzak. Hala ere, grebak egin behar dira, borrokatu behar dira eskubideak.
Jarraipena izango du jaialdiak? Edo aldi bakarrekoa da?
Ez dakigu. Betiko debatea da, makrojaialdien logika horretan badirudi denak izan behar duela jarraipena. Guk ez dugu presio hori. Beste jaialdi batzuk egin ditugu eta askotan kanpoko faktoreengatik bukatu dira: zuzendaritza aldaketak, auzokideekin zarata arazoak, datak… Guk hau egin nahi dugu, ahalik eta hobekien, eta gero ikusiko dugu.