Edozein kultur ekitaldiren atzean teknikariak daude, muntaketan, soinua eta argia kudeatzen... eta maiz baldintza oso kaxkarretan. Greba deitu dute maiatzaren 15erako. Teknikariok sindikatuko kideak dira Jorge Perales eta Eneko Pinilla.
Zergatik M15eko greba? Zein da egoera, arazo nagusiak?
Sektoreko arazoak historikoak dira. Betidanik izan da egutegi finkorik gabeko sektorea, eta enpresetatik beti exijitu zaigu malgutasuna, egokitzeko bezeroaren edozein aldaketa eta eskaerara, izan kontzertu areto bat, musika talde bat edo administrazio publikoa. Inoiz ez da erregulaziorik egon sektore honetan, eta ohikoa izan da igandeetan lan egitea, gauez, zortzi ordu baino gehiago, jardunaldi arteko deskantsu gabe, konpentsatu gabe... Beharrezkoa dugu erregulazioa.
Zergatik ez da sektorea orain arte modu sindikalean antolatu?
Pandemiaren ostean hasi ginen biltzen sindikatu gisa, lan eskubideak defendatzeko. Aldi baterako lan asko dago hemen, eta pandemia heltzean, orduantxe kontratatuta ez zeuden kide asko gelditu ziren laguntzak jasotzeko aukerarik gabe; autonomo asko ere badaude... Elkartzea erabaki genuen lan hitzarmen bat lortzeko, ez zelako betetzen ari langileen estatutua ere, minimoa behar lukeena. Duela bi urte lortu genuen negoziazio mahaia ezartzea patronalarekin, hor daude EAEko enpresa handienak. Pandemiak leherrarazi zuen dena, geldi geratu ginen eta denbora izan genuen gure lan baldintzez hausnartzeko.
"Oihaneko legea da, enpresa gehienek ez dituzte minimoak betetzen, eta denak balio du"
Enpresa txikiak, autonomoak, instituzioentzako lanean, sektore pribaturako... anitza da sektorea.
Bai, mota askotako enpresak daude. Ez da berdina herriko festetako kontzertuak antolatzen dituen enpresa, edo ekitaldi korporatiboak egiten dituena. Horrek zaildu egiten du araudia partekatua sortzea, minimo komun partekatu batzuk behintzat. Baina beharra badago. Bestela oihaneko legea da; enpresa gehienek ez dituzte minimoak betetzen, eta denak balio du.
Zaila da halako sektore atomizatua antolatzea?
Ez da erraza izan batasun minimoa lortzea. Teknikariok sindikatuan ordezkatzen ditugu sektoreko langile gehien, eta hasieratik eztabaida asko eman behar izan ditugu. Jendeari ikusaraztea autonomo izateak maiz eskubide galera dakarrela, kontziliazioan, baja hartzekotan... zenbaezinak dira desabantailak. Kostatzen da ulertaraztea, eta autonomo asko daude oraindik. Ulergarria da, enpresek hori exijitzen jarraitzen dute, haiei komeni zaielako. Ekitaldi berean txanda aldatzea, adibidez, langileoi ere kostatu zaigu, ekitaldia erdizka uztearen sentsazioa genuen... baina gaur egun geroz eta gehiago ematen ari da.
"Enpresek autonomo izatea exijitzen digute, haiei komeni zaielako"
Zer aldaketa konkretu eskatzen dizkiezue enpresei edo administrazioei?
Hasieran jendeak esaten zuen administrazioak zuela erru guztia gure baldintzen inguruan. Baina Teknikariok sindikatutik uste dugu ardura dutela gu kontratatzen gaituzten enpresek ere. Haiek aldatu behar dituzte praktika txarrak, eta haien bezeroak hezi behar dituzte, ez ditzaten egin halako eskaerak. Bezeroa, gainera, askotan administrazioa izaten da. Baina enpresak dira gu prekarizatzen gaituztenak. Minimo batzuk eskatzen ditugu, beti bete beharko direnak. Ez da ezer berezia, beste edozein langilek duena da. Eta hitzarmen bat egonda, administrazio publikoak ezingo ditu proiektuak lizitatu baldintza minimo horien azpitik. Beraz, administrazioari presio egiteko modu bat ere bada.
Gasteizen maiatzaren 15ean hasiko da Batbatean jaialdia. Zer espero daiteke?
Espero dugu jendeak greba babestea. Soldatapeko langileek gutxienez. Agian ez daude hainbeste, normalean zuzeneko kontzertuetan autonomo gehiago egon ohi direlako, eta konplexuagoa da hori. Baina ikusten ari gara autonomo askok ere elkartasuna adierazi dutela grebarekin. Hala nahi dugu guk ere. Momentu historikoa da sektorean, inoiz ez da bozgorailu hain handirik egon esateko nahikoa dela, baldintzak aldatu behar direla. Ulertzen dugu arazo bat izan daitekeela jaialdiarentzat, garraio publikoaren greba arazoa den bezala edozein herritarrentzat. Baina ez bada konpromisorik hartzen hemen ez da inoiz ezer aldatuko.
Zein da zuen mezua ikuskizunetako ikusle eta herritarrentzat?
Langileei eta zaleei erantzukizunerako deia egin nahi diegu, klase kontzientziarako deia. Ez daitezela ikusle gisa joan, eta langileek greba egin dezatela. Borroka egun bat da, eta deialdia herritar guztientzako da. Sarrera erosita dutenei edo ikuskizunen batera joateko asmoa dutenei, esan nahi diegu sentsibilizatu daitezela. Konturatu behar dute, 15ean ikuskizun bat egiten ari bada, grebara deitua dagoen jendea lanean ari delako da. Beraz, uste dugu pixka bat deserosoa egin beharko litzaigukeela jakitea. Konpromiso minimo hori eskatzen dugu, egun horretan eserlekuak hutsik uzten saiatzea.
"Musikariek elkartasuna adierazi dezatela, badakite sektorea zein prekarizatua dagoen"
Nacho Vegasek bertan behera utzi du Bilboko Kafe Antzokiko kontzertua, grebarekin elkartasunez.
Ikuskizunetako langileen partez, oso pozik eta harro gaude. Jarraitu beharreko eredu bat da. Musikari asturiar batek egin du keinua, eta beste musikari euskaldun eta konprometitu askok oraindik ez dute egin. Eskertzekoa da, indarra ematen digu, eta ikusgarri egiten gaitu, jartzen gaitu eztabaidaren erdigunean, hori zen gure asmoa. Espero dugu lehena izatea bera musikari zerrenda luze batean. Elkartasuna adierazi dezatela, ezagutzen dutelako sektorea zein prekarizatua dagoen, jardunaldi oso luzeak, egutegi gabe, ordutegiak azken orduan zehaztuta... Espero dugu lehertzea, eta Nacho Vegasenak balio dezala txispa pizteko beste artista batzuei, segi dezatela bide hori.